Zer da Hariak?

Hariak estrategia Gipuzkoako Foru Aldundiaren Adinberri Fundazioak Gipuzkoan nahi ez diren bakardadeak prebenitzeko eta horiei aurre-egiteko garatu duen ekimena da. Etorkizuna Eraikiz ekimenaren eta Gipuzkoa 2020-2030 Agentziaren parte da. Etorkizuneko politika publikoen eraikuntza partekatua sustatzen dute, eta Gipuzkoa zaintzaren eta gizarte-politiken abangoardian kokatzen dute.

Hariak bakardadeez mintzo da, pluralean, bakardade-esperientzia desberdinak daudelako; batzuk besteak baino intimoagoak dira, larritasun maila desberdinekoak izan daitezke eta pertsona batzuk egoera horretan bizi nahi duten arren, beste batzuk, aldiz, ez. Hariak-ek bakardadeez hitz egiten du ikuspegi normalizatzaile batetik, pertsona guztien ibilbidean eta giza komunitate guztietan aurkituko ditugun egoerak direlako.

Hariak programaren helburuetako bat pertsonen arteko loturak eta harremanak sendotzea da, Gipuzkoa harremanen lurralde bihurtuz, laguntza, zaintza eta komunitatearen bidez. Komunitate kohesionatuagoak eta konektatuagoak eraiki nahi ditu, bizikidetza-hariak ehuntzen dituzten auzoak. Bakardadeei buruzko argumentu-hari partekatuak sortu nahi ditu, elkarrizketa publiko bat sustatzeko, pertsonei beren ibilbide indibidualean bakardade-egoerak eta horiek gozatzeko, prebenitzeko edo horiei aurre egiteko moduak antzematen lagunduz. Azken finean, Hariak programaren helburua herritar guztien bizi-kalitatea hobetzea da, batez ere adinekoena.

Hariak ekintzara bideratutako estrategia orientatzailea da. Hainbat eragileren ekintzak bideratzeko, lehen, bigarren eta hirugarren mailako prebentzio-jarduerak proposatzen ditu, bai eta lau ibilbide estrategikoen arabera antolatutako gomendio batzuk ere: sarea eta gobernantza, elkarrizketa publikoa, berrikuntza eta hedapena eta ebaluazioa eta ezagutza.

Hariak-en eraikitzea

Hariak erakunde-, gizarte- eta aditu-ordezkariek parte hartu zuten lankidetza-prozesu baten emaitza da. Bere hastapenetan, parte-hartze prozesu bizia sustatu zuen, aurkezteko eta kontrastatzeko, udalekin, gizarte-erakundeekin, tokiko eragileekin, Osakidetzarekin eta enpresa edo berrikuntza-zentroekin, 400 pertsona baino gehiagok parte hartu zutelarik.

Prozesu horren bidez, bakardadeetan zuzenean edo zeharka eragiten duten tokiko esperientzia ugari identifikatu ziren. Hariak-ek ekimen horiek ikusarazten ditu eta etorkizunean garatuko direnak ikusarazi nahi ditu.

Era berean, Hariak-ek, Adinberriren bitartez, uste du bere erronkei eta helburuei aurre egiteko politika publikoetan inplikatutako hainbat eragile giltzarriren ekintza lerrokatua behar duela, eta horren barruan sartzen dela bakardadeak kudeatzeko eta gobernatzeko Hariak sare bat eratzea.

Egin bat Hariak-ekin

Hariak-en kide izatera gonbidatzen zaitugu, bizikidetzako, laguntzako eta zaintzako hariak areagotu daitezen. Atxiki zaitez Estrategiara, eta partekatu Hariak-ekin bakardadeei zuzenean edo zeharka aurre egiten laguntzen duten lurraldeko ekimenak.

Informazio gehiago nahi izanez gero, webguneko gure atal gehigarriak bisita ditzakezu eta Hariak programaren estrategia osoa nahiz laburpen exekutiboa kontsultatu.