Zarautz ere bakardadeak ezabatzearen alde

Modelo aretoak Hariak Estrategiaren aurkezpenaren bosgarren saioa hartu zuen, bidaiaren ekuadorrera iritsiz

Bankuan eserita, Irune Urbieta, Zarautzko Kultur zinegotzia, eta Maite Peña, Gizarte Politikako foru diputatua. Goian zutik, Jesus Arana, Zarautzko alkateordea eta Gizarte Politikako zinegotzia, eta Rakel San Sebastian, Adinberriko zuzendari nagusia. Irudiak: Luis M. Unciti

Harparen musika jarraituz, Zarautzko Musika Plazatik Modelo Aretora lekualdatu zen jendea Hariak Estrategiaren aurkezpen ekitaldia jarraitzeko. Ekitaldia Zarautzko alkateordea eta Gizarte Politikako zinegotzia den Jesus Aranaren eskutik hasi zen. Ongietorria eta esker ona eman bezain laster, diskurtso hunkigarriari hasiera eman zion esanez “gaur bakardadeak elkartu gaitu, gure gizarte aldakor honetan errealitate bihurtu zaigun fenomenoa”.

Elkartasuna goraipatuz, “elkarrekin iritsi baikara XXI. gizaldira”, denbora berrietan “gure aurrekoek egin zuten bezala, elkarrekin denok batera aurrera egin beharko dugu”-la adierazi zuen, eta hura lortzeko “honeraino ekarri gaituzten elkarrekiko arreta, konpromisoa, solidaritatea, laguntasuna, maitasuna gure gizartearen ardatz izan behar dute. Bestela jai daukagu”.

Behin Aranaren agerraldia amaitu zenean, Maite Peñak, Gizarte Politikako foru diputatuak, hartu zuen hitza Hariak Estrategiaren sorrera testuinguruan jartzeko: “Gipuzkoan bakardadeei heltzeko behar handia zegoen. Horiei aurre egiteko jaio da Hariak, Lurralde osorako estrategia. Baina gaia zaila da eta irtenbidea ez da erraza izango”.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik landu nahi duten irtenbide hura “estrategia konplexuan eta zeharkakoan” gauzatu da. Hariak izendapean jaiota, hiru helburu nagusi dituela zehaztu zuen Peñak: bakardadeei buruzko elkarrizketa publikoa eraiki, pertsonen arteko harremanak eta loturak indartu eta bakardade-egoerak saihesten eta gainditzen laguntzea.

Ohikoa den moduan, ekitaldiak aurrera egin zuen bakardadeek gizartean duten garrantzia helarazi nahi zuen antzerki batekin. Aizpea Goenaga aktorearen gidapenean, eszenatokian Adinberriko zuzendari nagusia, Rakel San Sebastian, eta erakunde bereko berrikuntza arduraduna, Ainhoa Becerra, elkartu ziren solasandian, Hariak Estrategiari buruzko xehetasun gehiago emateko.

Dekalogoaren hamar puntuak aztertzerako unean, Becerra hausnarketa garrantzitsua bota zuen: “Denok daukagu zer esateko gai honetan, pentsatzen dugun baino askoz gehiago egin dezakegu”. Eta horren eredu, Hariak Estrategiari atxikitzeko jestua aipatu zuen, presentzialki edo webgunearen bidez egin dezakeguna.

Ekitaldiaren amaieran musika nagusitu zen berriro, zarautzko bi abesbatzen eskutik: Imanol Urbieta Musika Eskolakoa eta Schola Cantorum, parrokiakoa. Belaunaldi desberdinen arteko irudi ederra osatuz, bi abesbatzen kideek ‘Amonatxo’ eta ‘Habanera’ kantak abestu zituzten, emanaldia Hariak Estrategiaren ereserkiarekin bukatuz.

Abesbatza osatzen zuten haurrak eta helduak zuzentzearen lana Schola Cantorum abesbatzaren zuzendariarena, Izarra Aristirena, izan zen. Bere ustez, «musikak orokorrean eragin handia du» bakardadeei aurre egiteko, «gustu antzekoak dituen jendearekin elkartzeko aukera» ematen duelako. Hain zuzen ere, abesbatza bateko partaide izatearen “onurak” ere aipatu zituen: “Helburuak finkatuz -abestiak ikasi, entsaioetara joan eta kontzertuetan parte hartu- eta horiek lortzerakoan autoestima indartu egiten da. Horrekin batera, irteeretan edota jardueretan parte hartzeko aukerak ilusioa pizten du”. Oro har, “talde baten partaide sentitzea eta bere osotasunean parte hartezea”-ren garranztia azpimarratu zuen.

Baina ekitaldiaren amaierarekin ez zen jardunaldia bukatu eta hura borobiltzeko pintxo-pote gozoa elkarbanatzeko aukera egon zen.