Legazpik hariak zabaltzen ditu

2022-05-24

2022 / 05 / 24
Legazpik hariak zabaltzen ditu

Gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira bakardadeak gure gizartean. 55 urtetik gorako hiru gipuzkoarretatik bat bakarrik sentitzen da eta adinekoen artean arazoa larritu egiten da. Horren jakitun, Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Adinberritik ‘Hariak’ estrategia martxan jarri da, bi urtetan zehar hainbat erakunde, gizarte-erakunde eta egilerekin partekatutako eta partaidetutako ibilbide-orri bat eraiki ondoren. Etorkizuna Eraikiz ekimenaren eta Gipuzkoako 2020-2030 Agendaren barruan kokatzen da.

Estrategiaren foku nagusia adinekoak eta zahartze-prozesuak dira, baina ez modu esklusiboan edo baztertzailean. Gipuzkoako gizarte osoari zuzenduta dago ‘Hariak’, belaunaldien arteko elkartasuna funtsezkoa baita. Lehen mailako erronka da bakardadeari aurre egitea eta erronka sozial kolektiboa da. ‘Hariak’ ekimenaren bitartez, bakardadeen aurkako konpromisoa eta atxikimendua eskatzen zaie herritarrei eta Legazpin izan da estrategia honen aurkezpena. Dena den, Legazpikoa lehen geltokia besterik ez da izan, ‘Hariak’ Gipuzkoako beste bederatzi herrietan egongo baita hurrengo asteetan zehar.

Legazpiarren erantzun ona
Arratsaldeko lehen orduan hasi ziren ‘Hariak’ Legazpin antolatutako jarduerak. 16tan martxan jarri ziren tailerrak. Bertan, adinekoak eta haurrak elkarrekin hasi ziren eskulanak egiten: hariekin eskumuturrekoak sortu zituzten eta, garrantzitsuena, hizketan eta elkarlanean ibili ziren, belaunaldien nahasmen zoragarria gauzatzen. Tailerretatik gertu, ‘Hariak’ estrategiari atxikitzeko puntua zegoen. Bertatik jendea pasa zen izen-ematera eta informazioa jasotzera. Jakin-mina sortu zen ekimenaren inguruan.

Eguraldiak ez lagundu arren, pertsona dezente hurbildu ziren Latxartegi parkera. Bertan, tailerretaz gain, ‘Hariak’ estrategiaren irudia diren bankuak zeuden kokatuak. Hamar ziren guztira eta bankuen atzekaldean ekimenaren dekalogoa zegoen irakurgai. Euria zela eta, jarduerak karpa batzuen azpian gauzatu ziren eta 18.45tan harpa baten soinu gozoak barnekaldeko ekitaldien hasiera iragarri zuen. Orduan, parkearen inguruan zeuden pertsonek Latxartegi aretoa bete zuten ‘Hariak’ estrategiaren aurkezpena jarraitzeko.
Aizpea Goenagak zuzendu zuen saioa eta Koldobike Olabide Legazpiko alkateak, hitza hartu zuen aretora hurbildu ziren guztiei ongi etorria eskaintzeko: «Denon artean eraiki nahi dugun Gipuzkoan, bakardadeak sentitzen dituzten pertsonek baliabide gehiago izango dituzte», adierazi zuen. Alkateak azaldu zuen bezala, Legazpin eta Urola Garaiako eskualdean buru belarri ari dira lan egiten eta duela urte bat hasi ziren agente ezberdinekin arazo honi aurre egiteko jarduerak antolatzen.

Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak zifrak jarri zizkion ‘Hariak’ estrategiari. Azaldu zuen nola 51 pertsonako talde eragile batek gidatuta –erakundeetako eta gizarteko ordezkariez eta adituez osatua dagoena–, guztira 400 pertsona baino gehiagok parte hartu dutela prozesuan: Gipuzkoako 77 udalek, 98 gizarte erakundek eta tokiko eragileek, Osakidetzak 6 ESIren bidez, eta 20 enpresa eta berrikuntza-zentrok. «Hasierako hurbilketa batean ikusi genuen bakardadeen gaiari heltzeko beharra zegoela. Bakardadeak azterlanak adierazten digu 55 urtetik gorako Gipuzkoako biztanleriaren %30 inguru bakarrik sentitzen dela, nahiz eta %5,5ak soilik onartzen duten modu irekian», azaldu zuen diputatuak, eta gaineratu zuen «lehen mailako erronka baten aurrean gaudela».

Oinarri horretatik abiatuta, ‘Hariak’ estrategia Gipuzkoako bakardadeen aurrean jarduteko esparru estrategiko bat da: «Gida gisa funtzionatzen duen tresna bat da, eta nahi ez diren bakardadeen aurkako borrokan jarduera zehatzak konprometitu eta zehaztu nahi ditu» azaldu zuen Peñak, hiru helburu dituela zehaztuz: bakardadeei buruzko elkarrizketa publikoa eraikitzea, pertsonen arteko loturak eta harremanak indartzea, eta bakardade-egoerak saihesten eta gainditzen laguntzea. «Azken batean, pertsonen bizitza hobetzea eta elkarlaneko jarduketa, kudeaketa eta gobernantzarako sare bat eratzea da bilatzen duguna», gaineratu zuen. Estrategia hau adineko pertsonengan eta zahartze-prozesuetan ardazten bada ere, «ez du modu esklusiboan edo baztertzailean egiten», azaldu zuen diputatuak.

 

Bakardadeari buruzko solasaldia
Aizpea Goenaga bakarrik eseri zen eszenatokian agertzen ziren bi bankuetako batean eta bakardadea sentitzen duen pertsona batek izaten dituen pentsamenduak kanporatu zituen. Bere pentsamenduetan murgilduta zegoen bitartean, Rakel San Sebastian, Adinberriko zuzendari nagusia, eta Ainhoa Becerra, Adinberriko berrikuntza arduraduna, eseri ziren berarekin.
Hirurak solasaldian hasi ziren eta San Sebastianek bildutakoak kontzientziatu nahian, 55 urte gorakoen artean, 70.000 pertsona bakarrik bizi direla Gipuzkoan azaldu zuen. Horregatik egin nahi diote aurre bakardadeari. Eta aurre egin behar zaio «politika publikoetatik eta handik nola heldu da aztertu behar dugun erronka».

Ainhoa Becerrak azaldu zuen nola «askotan guk erabakitzen dugu bakarrik egotea, baina arazoa sortzen da bakardade hori aukeratzen ez dugunean» eta nabarmenagoa da arazoa «bakardade horrek ongi izate emozionalera eta sozialera» eragiten dioenan. Azaldu zuen ere bakardadea sentitzea eta onartzea ez dela berdina. Bakarrik sentitzen diren pertsona askok ez dute onartzen horrela sentitzen direla. Adinekoen artean galdera zuzena egiten dutenean bakarrik %5ak adierazten du bakarrik sentitzen dela, baina beste indikadore batzuk aztertuz %29,5ak sentitzen du bakardadea.

Atxikimenduaren bila
Adinberriko arduradunek bakardadeari buruz pentsarazi zieten Latxartegi aretoan bildutakoei eta azpimarratu zuten pertsona bakoitza bakardadearen arazoari aurre egiteko garrantzitsua dela: «Denok atxikitu gaitezke dekalogoari eta gauza txikiekin besteen bizitza aldatu dezakegu». Bukatzeko, Ainhoa Becerrak fokua arreta nahi izan zuen alarguna geratzen den pertsona batek aurkitzen dituen zailtasunetan: «Gertutik ikusten duzun arte ez zara jabetzen zein zaila den bakardade hori pairatzea».

Goenaga, San Sebastian eta Becerra euren hizketaldia bukatzen ari ziren bitartean eszenatokia pertsonaz bete zen. Santikutz eta Doinua Musika Eskolako abesbatzeko abeslariak ziren. Ikusleak hunkitu zituzten abestutako kantuekin. Batez ere txikienak igo zirenean bere ahots gozoekin ekitaldiari amaiera emateko, J. Elberdinek eta Marta Garcíak bereziki sortutako ‘Hariak’ sinfoniaren interpretazioarekin. Hurrengo astean, ‘Hariak’ estrategiak aurrera egingo du bigarren sesioarekin.