Lainoek ezin dute ‘Hariak’ ezkutatu

2022 / 06 / 21
Lainoek ezin dute ‘Hariak’ ezkutatu
Ainhoa Rivera zarauztarra eskulangilea da eta hilorama betetzeaz arduratzen da. Irudiak: Luis M. Unciti

Udara hasi zen egun berean, Hariak Estrategia Pasaira iritsi zen, aurkezpen-bidaiaren zazpigarren geldialdia burutuz. Eguraldi aldakorra izan arren, kostaldeko herrian giro polita sortu zen Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik bakardadeak saihesteko martxan jarritako ekimena ezagutzera emateko ekitaldia zela eta.

Ekitaldi hura aurrera eramateko kokalekutzat Pasai Donibane aukeratu zen eta ohikoa den moduan, hariak izan ziren antolatutako egitarau osoko ildo nagusia. Zehazki barruti honetako Bizkaia Plazan eta Juanba Berasategi kulturgunean antolatu ziren eguneko jarduerak.

Nahiz eta biztanle gutxiko herria izan, giroa sortu zen plazan arratsaldean, bertan elkartu baitziren bai Oarsoaldeako biztanleak bai bisitariak ere. Plazan bertan Hariak Estrategiaren irudi diren eta dekalogoa idatzita daukaten hamar bankuak kokatuak zeuden eta gazteak zein helduak nahastuta, belaunaldien arteko elkartasuna islatzen zen.

Anttoni, Mila eta Marijose lezotarrak eguneroko paseoa amaitutzat eman ondoren deskantsoa hartzen ari ziren banku urdin batean, bakardadeari buruz hitz egiten zuten bitartean. «Teknologiak adin guztietan bakardadeen arazoa larritzen du»-ela komentatuz, biek begi onez ikusten zuten horrelako ekimenak martxan jartzea: «Bakoitzak bere egoerari egokitutako lana egin behar du, baina erakundeek guztion ongizatea bermatzeko lana egitea ezinbestekoa da».

Euri arriskua zela eta, kulturguneko aterpean jarri ziren harizko eskulanak eta tailerak egiteko mahaiak eta bertatik plazak eskaintzen zuen ikuspegi ederra ikusteko aukera zegoen. Leku hartan, bestalde, Legazpiko lehen jardunaldian martxan jarritako elkarlaneko eskultura lantzen jarraitu zuen Ainhoa Riverak. Eskulangile zarauztar hau hilorama betetzeaz arduratzen da, hariekin duen trebetasuna erakutsiz. Eskulangilea da, ‘crochet’-ean aditua, eta «gogoz» hartu zuen eskulan hau betetzeko lana: «Inoiz ez dut honelako eskultura landu, baina hasi baino lehen tutorialak ikusi nituen eta oso erraza da».

Antolakuntzak «koloresua izatea» eta personen «dibertsitatea» islatzea besterik ez zion eskatu, eta lan horretan dabiltza geldidaldi bakoitzean, jendea erakartzen eta hiloramarekiko interesa pizten: «Adineko emakumeak eta gaztetxoak dira gehien gerturatzen direnak, eta batzuk hari zati bat hartu eta parte hartzera animatzen dira». Momentuz, Ainhoa «oso pozik» dago harizko eskultura hartzen ari den formarekin eta Donostiako ekitaldira, aurkezpen-biraren azkena izango dena, «ia bukatuta» eraman nahi du.

Seiak aldera Nerea Azkona harpa-jolea agertu eta Juanba Berasategi kulturguneko kanpoaldean musika jotzen hasi zen. Pixkanaka plazan bilduta zegoen jendea berarengana hurbildu zen harparen soinu gozoaz gozatzeko eta aretora sartzen hasi ziren bertan ospatu behar zen elkarrizketa publikoan parte hartu nahian.