Hariak mugaraino iristen dira

2022-06-09

2022 / 06 / 09
Hariak mugaraino iristen dira
Goyo, María, María Oliva, Loli, Puri eta Irati, bankuan eserita.

 

Hariak estrategiaren aurkezpena Gipuzkoako mugaraino iritsi zen. Irun izan zen ibilbidearen laugarren geldialdia eta Oiasso Museoaren inguruan sekulako harrera izan zuten antolatutako jarduerek.

 

Eguraldiak lagundu zuen eta lehen ordutik nabarmendu zen ondo zabalduta zegoela mezua irundarren artean. Etengabean pasatzen zen jendea karpatik informazio eske eta atxikimendu dezente lortu zituzten boluntarioek. Hariak estrategia geroz eta ezagunagoa da gipuzkoarren artean eta hauek bakardadeen arazoari aurre egiten diote.

 

Irundarrek ere aurpegia eman zuten bere txanda iritsi zenean. Orain arte Hariak bisitatu duen hiririk handiena da eta argi geratu zen. Arratsaldeko lauretatik mugimendu handia zegoen Oiasso Museoaren inguruan.

 

Beti bezala tailerrak izan ziren arratsaldeko lehen jarduerak. Bertan gazteak eta adinekoak nahastu ziren hariekin eskulan ezberdinak lantzeko. Ponpoiak egiten ari ziren Belaskoeneako adinekoen elkarteko kideak. Maria, Maria Oliva, Loli, Goyo eta Puri, Uxune boluntarioaren laguntzarekin, ari ziren egiten eskulanak eta Mariak jarduera hauek daukaten garrantzia azaldu zuen: “Guk Iratiren bidez jakin genuen Hariak estrategiari buruz”. Irati egunero joaten da elkartera adinekoekin egotera eta bere lana da, hain zuzen ere, Hariak estrategiaren dekalogoaren eredu.

 

Gogoratu behar da Hariak estrategiaren bitartez herritarrei bakardadeen aurreko konpromisua eskatzen zaiela eta adin guztietako gipuzkoarrei zuzenduta dagoela. Denon ardura baita adineko pertsonak bakarrik ez sentitzea.

 

Mariak esaten zuen bezala, erretiratuen elkarteek lan zoragarria egiten dute zentzu honetan baina “Hariak bezalako estrategia oso ondo dakorkigu jendeari jakinarazteko asko garela bakarrik gaudenak”.

 

Mariak ere, bakarrik bizi diren pertsona askok bezala, bere estrategiak dauzka bakarrik ez sentitzeko: “Tipi-tapen apuntatuta nago. 28 lagun biltzen gara ibiltzeko. Gaur Luis Mariano plazatik abiatu eta Frantziaraino joan gara. Gure artean hitz egiten dugu eta oso ondo datorkigu guztioi”.

 

Adinekoak eta gazteak hitzegiten ari ziren bitartean, Ainhoa Riverak hilorama lantzen jarraitu zuen. Hariez osatutako eskultura egunero itxura ederragoa hartzen ari da eta Donostian, uztailak 6an, bukatuta egongo da.