ADINBERRIk nahi ez diren bakardadeen aurkako Europako hariak ehuntzen jarraitzen du
ADINBERRIko ordezkariak Lillen (Frantzia) izan dira irailaren 24an, 25ean eta 26an, Interreg Europe-k antolatutako Lehenbiziko “Project Training Days” programan parte hartzeko. Programa horren barruan dago KORALE, ADINBERRI buru duen nahi ez den bakardadearen inguruko Europako proiektua.
KORALEren helburua politika publikoak hobetzea da, adinekoen eta gazteen artean bakardadearen prebentzioa eta horri aurre egitea txertatuz eta integratuz, Europako eskualdeen artean esperientziak trukatuz, fenomenoaren kontzientziazio eta eragin maila eta ikuspegi anitzekin.
Hiru jardunaldi praktiko eta interaktibo izan dituen topaketa honetan, Fundazioko Berrikuntza Arduraduna, Ainhoa Becerra, Social City Vienako ordezkari eta KORALEko bazkide Katrin Weber-ekin bildu da, finantza- eta komunikazio-alderdiak jorratzeko, eta networking saioetan eta tailerretan parte hartzeko, Europako beste proiektu batzuetako liderrekin batera.
Hurrengo geldialdia: Austria
KORALE taldearen aurrez-aurreko bigarren topaketa, Donostian izandako ekitaldi arrakastatsuaren ondoren, abenduan izango da, eta Euskadi, Austria, Portugal, Irlanda, Belgika eta Danimarka ordezkatzen dituzten proiektuko bazkideak bilduko ditu.
KORALE Community Railek Vienan (Austria) egingo duen hurrengo geldialdi horrek bakardadeari aurre egiteko eskualde mailako proiektuak aurkezteko balioko du, KORALEko bazkideen esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko eta politika publikoetan aldaketak bultzatzeko.
KORALE proiektua 2028an amaituko da politika publikoen gida bat eta 24 jardunbide egoki argitaratuz, ikasteko sei ekitaldi, zazpi ikasketa bisita eta hainbat berrikuspen tailer egin ondoren.
Proiektuari buruzko informazio gehiago: https://www.interregeurope.eu/korale