ADINBERRIk Hariak Estrategiaren Lehen Jarduera Plana eraikitzeko lurralde-prozesu berriari ekin dio

2023-11-03

2023 / 11 / 03
ADINBERRIk Hariak Estrategiaren Lehen Jarduera Plana eraikitzeko lurralde-prozesu berriari ekin dio

Udalerrietatik abiatu Gipuzkoa osora iristeko, tokiko zaintza-ekosistemen ekarpena kontuan hartuta eta bakardadeari aurre egitea erdigunean jarrita. Horixe da Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ADINBERRIk, Hariak-eko Lehen Jarduera Plana, bakardadeen aurrean Gipuzkoak duen estrategia, kolektiboki eraikitzeko egingo dituzten eskualdeetako saioen helburua.

Saio horiek hamar udalerritan egingo dira. Azaroaren 14an Beasainen hasi eta 30ean Donostian amaituko dira. Bilera horietan udaletako ordezkari politikoek eta teknikariek, Osakidetzako langileek, Hirugarren Sektore Sozialeko langileek eta gizarte- eta toki-eragileek hartuko dute parte. Guztien artean, bakardadeak egungo gizartean dakarren erronka handiari erantzuten saiatuko dira.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ADINBERRI Fundazioak, Etorkizuna Eraikiz ekimenaren barruan, hiru urte baino gehiago daramatzate Hariak izeneko ibilbide partekatu honetan lanean. Zehazki, 2021ean eskualde bakoitzeko udal eta gizarte eragileekin esparru estrategikoa eraiki zen, eta 2022an bakardadeei buruzko elkarrizketa publikoa sustatu zen, 1.300 pertsona ingururen parte-hartzearekin.

Orain, ADINBERRIk beste urrats bat emango du lurraldeko erakunde eta entitate nagusiekin batera Hariak Estrategiaren Lehen Jarduera Planari lotutako proiektu bultzatzaileak sustatzeko, horrela, bizikidetza-hariak ehuntzen jarraitzeko eta erronka handi horri erantzuteko gai izango den Gipuzkoa eraikitzeko.