“Uste dugu pertsona bat ondo egoteko ezinbestekoa dela aisialdiko jarduerak eta harremanak izatea”

2022 / 11 / 09
“Uste dugu pertsona bat ondo egoteko ezinbestekoa dela aisialdiko jarduerak eta harremanak izatea”

Maider Makazagak, DYA Gipuzkoako kudeatzaileak, erakundeak Hariak programan duen parte-hartzea eta sustatzen dituen proiektuak zehazten dizkigu

Nola eta zergatik erabaki zenuten Hariak estrategiari lotzea?

Sortu zenetik, DYAren arima laguntzea izan da, herritarrek behar duten tokian egotea. Hasieran, batez ere errepideko laguntzan jarri zuen arreta, baina urteekin errealitate berrietara egokitzen joan da. Gauzak horrela, 2004an gizarte-arloan lan handia egiten hasi ginen, mugikortasun-arazoak zituzten pertsonei lagunduz eta norberarentzat garrantzitsuak ziren jarduerekin (paseatzera irtetea, senideak edo lagunak bisitatzera joatea, kafe bat hartzea…) aurrera egin zezaten lagunduz.

Eta Hariak estrategia lantzen ari zirela jakin genuenean, baloratu genuen gurea bezalako erakunde batek hor egon behar zuela esparru horretan bere esperientzia eskaintzeko eta beste behin ere herritarren eskura jartzeko, ahal zen guztian laguntzeko.

Orain arte, zein izan da zuen parte-hartzea estrategian?

Kontuan hartuta DYA probintziako hainbat herritan dagoela, gure partaidetza, batez ere, gure egunerokotasunean aurkitzen ditugun kasuen tipologiari eta pertsona horiei guztiei erantzun bat emateko eskaintzen ditugun laguntza-zerbitzuei buruzko informazioan oinarritu da. Hainbat hitzaldi eta tailerretan parte hartu dugu ikuspegi berezi hori eskainiz, eta estrategiaren talde eragile hedatuaren parte izan gara ere.

Zer proiektu espezifiko ari zarete egiten nahi ez duzuen bakardadea arintzeko?

Proiekturik zehatzena pertsonak laguntzea izango litzateke, behar duenerako; erosketan laguntzea, paseo batean, hondartzara joateko, mendira, zinemara, kontzertu batera. Beti pentsatu izan dugu pertsona batek ondo egoteko, garbituta, elikatuta eta ingurune erosoan egon behar duen bezala, ezinbestekoa dela aisialdiko jarduerak eta harreman sozialak izatea. Eta horretarako laguntza behar badu, eskaini egin behar da.

Zer baldintza bete behar ditu boluntario izan nahi den pertsona batek?

Pertsona batek boluntario izan nahi badu denbora libre pixka bat izan behar du, denbora libre hori besteei eskaini nahi izan behar die eta beharrezkoa den guztian laguntzeko prest egon behar du. Arlo horretan berariazko prestakuntzarik ez badu, DYA arduratuko da prestakuntza hori eskaintzeaz, hori ez da arazoa. Eta ez dago adin-mugarik boluntario izateko, denbora eta gogoa duen edonork zerbait eman diezaioke gizarte honi.