“Urtero, hartzen ditugun deien %30 bakarrik sentitzen diren pertsonenak izaten dira”

2022-10-21

2022 / 10 / 21
“Urtero, hartzen ditugun deien %30 bakarrik sentitzen diren pertsonenak izaten dira”

Maribel Pizarrok, Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoaren zuzendariak, erakundeak Hariak Estrategian duen parte-hartzearen gakoetako batzuk zehaztu ditu

Nola eta zergatik batu zineten Hariak estrategiara?

Hariak estrategiarekin lotu gintuzten hainbat arrazoiri buruz hitz egin dezakegu:

Nahi ez dugun bakardadea betidanik asko kezkatzen gaituen fenomenoa da. Gure eratzeko leloa hau da: “Gipuzkoako inor ez dadila egon bakarrik bere itxaropena krisian jartzen duen arazo baten aurrean”. Gainera, urtero, hartzen ditugun deien %30 bakarrik sentitzen diren pertsonenak izaten dira.

Garrantzitsua iruditzen zaigu nahi ez den bakardadearen arazoaren inguruan sentsibilizatzea, hausnartzea eta eztabaidatzea eta horregatik hainbat jardunaldi antolatu ditugu helburu honekin: 2018an ‘Bakardadeak pertsona kalteberak mintzen dituenean… abordatzea eta baliabideak’ eta 2019an erabilitako partaidetza-metodologiagatik, deialdi-gaitasunagatik eta antolaketaren helburuagatik funtsezkotzat jotzen duguna: ‘Gipuzkoako bakardadearen erronka sozialari aurre egiteko oinarri komunak eraikitzen’. Gipuzkoako Itxaropenaren Telefonoak gidatutako jardunaldia izan zen, hainbat erakundetatik etorritako pertsonekin batera (Donostia LagunkoiaAubixaInstituto Matia, Tknika, DFG eta Emanhar eta Prometea parte-hartzea bultzatzen duen metodologia errazten).

Hainbeste urteko lanaren eta hausnarketa partekatuen ondoren, atera dugun ondorioetako bat da sarean lan eginez heldu behar zaiola nahi ez dugun bakardadeari, modu koordinatuan, ikaskuntzak partekatzeko aukera emango diguten proiektuak abian jarriz, baina baita erronka handizaleagoetara abiaraziz ere, bakarrik heldu ezin ditugunak.

Estrategiak lan-esparru komun bat ematen digu, partekatzea ahalbidetzen du, egiten dugun lana kohesionatzen du, aukeren leiho bat irekitzen digu, eta, gainera, nahi ez dugun bakardadearen fenomenoan aurrera egiteko aukera paregabea dela uste dut.

Orain arte, zein izan da parte-hartzea estrategian?

Hasiera-hasieratik gaude estrategian, eta, beraz, oso lotuta sentitzen gara Hariak-ekin. Hasierako taldearen bileretan eta horietatik eratortzen ziren zereginetan, 35 urtetan eskuratutako ezagutza elkarbanatu dugu, baita gure eguneroko jardunetik eratorritako hausnarketak ere. Baita 2019Ko azaroaren 7an ospatutako ‘Gipuzkoako bakardadearen erronka sozialari aurre egiteko oinarri komunak eraikitzen’ jardunaldian ikasitakoa ere.

Hedatutako talde eragilea sortu ondoren, jakina, ekarpenak egiten jarraitu dugu, bai berariazko bileretan, bai partaidetza-prozesuaren bileretan. Aldez aurretik, bitartean, orain eta, jakina, etorkizunean lagundu eta ekarpenak egin ditugu.

Zer proiektu egiten ari zarete Itxaropenaren Telefonoan nahi ez den bakardadea arintzeko?

2 zerbitzu espezifiko ditu bakardadearen arazoari aurre egiteko: 900840845 lerro bat, 25 boluntarioz osatutako talde batek artatua (60 orduko hasierako prestakuntzarekin, gutxi gorabehera, eta hilero ematen den formazioarekin) eta laguntza eta aholkularitza profesionala, problematika banan-banan lantzen duenak (bakardadearen kausak lantzen dira, eragindako eremuak, nahi ez den bakardadearen sentimendua murrizten eta hobeto kudeatzen lagun dezaketen baliabide pertsonalak eta komunitarioak uztartzen dira).

Urtebete baino gehiago daramagu Adinkiderekin lankidetza-hitzarmena sinatuta. Helburu komunak eta osagarriak dituzten erakundeak direnez, gure potentziala ahalik eta gehien aprobetxa dezakegu. Nahi ez dugun bakardadean dauden pertsonak bi erakundeok eskaintzen ditugun baliabideez baliatzen ari dira, eta, beraz, eraginkorragoak izatea eta egoera konplexuak dituzten pertsonen ongizate emozionala hobetzea lortzen dugu (adibidez, osasun mentaleko arazoekin, galera handiekin, genero-indarkeriako iraganekin).

Proiektu bat prestatzen ari gara ikuspegi komunitarioarekin eta metodologia parte-hartzailea erabiliz beste erakunde batzuekin. Proiektu piloto hau bi testuinguru ezberdinetan gauzatuko genuke: Donostiako auzo batean eta Gipuzkoako udalerri batean.

Norbaitek zuekin boluntario gisa lan egin nahiko balu, zer baldintza bete beharko lituzke?

Enpatizatzeko gaitasuna; proiektu batean parte hartzeko borondatea, ez zeregin batean bakarrik; hasierako prestakuntza egiteko denbora izatea; prestakuntzaren fase praktikoa gainditzea eta gutxienez urtebetez konpromisoa hartzea (astean 2 eta 3 ordu eta erdi bitarteko txanda bat betetzea; talde teknikoak egiten dizkion orientabideak jasotzea; eta hileko prestakuntzetara joatea).

Halaber, garrantzitsua iruditzen zait eskaintzen zaiona nabarmentzea: hasierako eta etengabeko prestakuntzaz gain, lan-giroa eta ingurune atsegina, enpatikoa eta arduratsua eskaintzen ditugu. Sortzen diren zailtasunak partekatzeko eta eragiten eta kezkatzen gaituzketen beste gai batzuei buruz hitz egin edo heldu ahal izateko gune bat.