Atzealdea Zortzi proiektu berri batu dira Gipuzkoan nahi gabeko bakardadea prebenitzea eta horri aurre egitea helburu duen HARIAK estrategiara
Zortzi proiektu berri batu dira Gipuzkoan nahi gabeko bakardadea prebenitzea eta horri aurre egitea helburu duen HARIAK estrategiara
ADINBERRI-HARIAK dirulaguntzen bigarren deialdiak lurraldeko komunitate-sareak, eragileen arteko lankidetza eta bakardade-egoeren prebentzioa indartzen dituzten ekimen berriak bultzatzen ditu. HARIAK Hubek dagoeneko egin ditu deialdiaren onuradun izan diren proiektuekin lehen aholkularitza- eta jarraipen-bilerak
Gipuzkoako bakardade-egoerei aurre egiteko HARIAK estrategiak bere irismena zabaltzen jarraitzen du, eta oraingoan zortzi proiektu berri gehitu zaizkio. Egitasmo horiek Gipuzkoako Foru Aldundiak, ADINBERRI Fundazioaren bidez, sustatutako ADINBERRI-HARIAK dirulaguntzen bigarren deialdiaren onuradun izan dira. Ekimen berri horiek orain arte lurraldean nahi gabeko bakardadea prebenitzeko eta saihesteko egindako lanari gehitzen zaizkio, eragileen arteko lankidetza indartuz eta pertsonen beharretara egokitutako gizarte mailako erantzun berriak sustatuz.
Hautatutako zortzi proiektuek hainbat ikuspegi eta esku-hartze eremutatik heltzen diete bakardade-egoerei, hala nola gizarte-harremanak sendotuz, komunitatearen parte-hartzea sustatuz, sentsibilizazioa bultzatuz, osasun mentala landuz edo babes-sareak sortuz. Guztiek helburu bera dute: komunitate konektatuagoak, inklusiboagoak eta elkarren zaintzarekin konprometituagoak eraikitzea, bakardade-egoeren prebentzioari eta detekzio goiztiarrari gero eta garrantzi handiagoa emanez.
Deialdi berri honek jarraipena ematen dio ADINBERRIk HARIAK estrategiaren baitan egindako lanari, eta nahi gabeko bakardade-egoerak prebenitzeko eta horiei aurre egiteko konpromisoa duten erakunde, instituzio eta eragileen sarea zabaltzen laguntzen du. Era berean, pertsonak eta haien arteko harremanak erdigunean jartzen dituen zaintza-eredu prebentiboago, pertsonalizatuago eta komunitarioagoa sendotzen laguntzen du.
Estrategiara batu diren proiektu berrien artean daude Trantsizio Aktiboa, Zahar eta Gazte, Bizi Poz eta SECOT erakundeen parte-hartzearekin, besteak beste; Bidez Bide+, Behemendi landa-garapeneko elkarteak bultzatua; eta AuzoON! (Lagun handiak martxan!), Urretxuko Udalak eta Adinkidek sustatua.
Halaber, bigarren deialdi honetan parte hartu dute Eibarko Udalak eta Matiak garatutako Conociendo la soledad no deseada en Eibar proiektuak; Elkar Sare proiektuak, Matia eta Usurbilgo Udalaren parte-hartzearekin; eta Bitarbask erakundeak sustatutako Loturak Ehuntzen proiektuak.
Horiei beste bi egitasmo gehitzen zaizkie: Campus-a Ehuntzen —gazteen arteko harremanak ehuntzen—, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) hainbat fakultateren parte-hartzearekin; eta nahi gabeko bakardadea eta osasun mentala ardatz dituen Dar Dar Gizarte Ekimen Kooperatibak sustatutako proiektua.
HARIAK Hubek lehen aholkularitza- eta jarraipen-bilerak amaitu ditu
Ekimen berri hauek gehitzearekin batera, HARIAK Hubek dirulaguntzen bigarren deialdiko proiektu onuradunei jarraipena eta aholkularitza teknikoa emateko prozesua jarri du abian, eta dagoeneko bederatzi talde sustatzaileekin egindako lehen bilerak amaitu ditu.
Bilera hauek lagungarriak izan dira, besteak beste, ekimen bakoitzaren planteamenduak eta beharrak bertatik bertara ezagutzeko, garapenean izan ditzaketen erronka nagusiak identifikatzeko eta proiektuak gauzatu bitartean eskainiko diren aholkularitza eta jarraipenerako oinarriak finkatzeko.
HARIAK Huben bidez, ADINBERRIk aholkularitza teknikorako, hausnarketarako eta elkarlanerako gune bat eskaintzen du. Gune horrek eragileen artean ezagutzak eta esperientziak partekatzea ahalbidetzen du, proiektuen arteko sinergiak sustatzen ditu eta egitasmoen garapena nahiz lurraldean duten eragina indartzen laguntzen du.














