Atzealdea Gipuzkoak HARIAK aurkeztu du, nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko bere estrategia, Adinekoekin Lagunkoiak diren Hirien eta Komunitateen 3. Mundu Kongresuan

2026 / 06 / 17

Gipuzkoak HARIAK aurkeztu du, nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko bere estrategia, Adinekoekin Lagunkoiak diren Hirien eta Komunitateen 3. Mundu Kongresuan

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ADINBERRIk sustatutako estrategiak parte-hartzean eta adierazpen artistikoan oinarritutako ekitaldi bat eskaini du, komunitateek nahi gabeko bakardadeei aurrea nola har diezaieketen eta haiei nola aurre egin diezaioketen erakusteko

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ADINBERRI Fundazioak bultzatutako HARIAK estrategia protagonista izan da Donostian egin den Adinekoekin Lagunkoiak diren Hirien eta Komunitateen 3. Mundu Kongresuan. Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) sustatutako eta Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuak (IMSERSO) antolatutako nazioarteko topaketa honetan, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren laguntzarekin, lurraldeko erakundeetako ordezkariek eta eragileek nahi gabeko bakardadeei aurre egiteko Gipuzkoako esperientzia partekatu dute.

Kursaaleko Ganbera Aretoan "Komunitatearen ahotsak" ekimena egin da; artea, emozioa eta parte-hartzea uztartu dituen esperientzia, komunitateek gure garaiko erronka sozial nagusietako bati nola erantzun diezaioketen erakusteko. 200 lagunetik gora bertaratu dira konexioaren, elkarrekiko babesaren eta komunitate-sentimenduaren benetako istorioak ardatz izan dituen emanaldi batera, komunitate-lankidetzaren garrantzia agerian utziz.

ADINBERRIko zuzendari nagusi Rakel San Sebastianek azpimarratu du garrantzitsua dela ongizate integralari, zaintzei eta bakardadeei buruz hitz egitea zahartzearen inguruan ardaztutako kongresu batean. Gogorarazi du bakardadeak ez diola kolektibo jakin bati bakarrik eragiten, adin eta testuinguru guztiak zeharkatzen dituela, eta horrek fenomeno hori gizarte-arazo gisa lantzera behartzen duela, ez ikuspegi indibidual batetik soilik. Ildo horretan, Gipuzkoak nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko egindako apustua nabarmendu du: «HARIAK estrategiak erreferentziazko marko komun eta ibilbide-orri izan nahi du erronka sozial honen prebentzioan eta lanketan diziplinartekotasunetik ari diren eragile guztientzat. Bakardadeak arintzea erronka nagusietako bat da».

Ekitaldia bi bloketan egituratu da. Lehenengoan, "Bakardadearen ahotsa belaunaldien arteko elkarrizketaren bidez" izenekoan, Aizpea Goenaga aktoreak, Unax Ansola dantzariak, Lourdes Lekuona biolontxelo-jotzaileak eta Josu Elberdin pianistak parte hartu dute. Diziplina anitzeko proposamen eszeniko baten bidez, nahi gabeko bakardadeari aurrea hartzeko gizarte-loturak eta belaunaldien arteko harremanak sustatzearen garrantzia erakutsi dute.

Bigarren blokean, "HARIAK eraikitzen bakardadeari aurre egiten dioten eragileen ekosistemaren bidez" izenekoan, Maite Peña Gipuzkoako Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuak, Rakel San Sebastian ADINBERRIko zuzendari nagusiak eta Ainhoa Becerra fundazioko Berrikuntza arduradunak estrategiaren barruan kokatutako hainbat ekimenetako ordezkariekin batera parte hartu dute, HARIAKek lurraldean sustatzen duen lankidetza-ekosistema nola antolatzen den erakusteko.

Eszenatokian zuzenean sortutako eskultura sinboliko baten bidez, erakundeetako ordezkariek, profesionalek, boluntarioek eta komunitate-eragileek Gipuzkoako hainbat udalerritan garatutako proiektuak aurkeztu dituzte, besteak beste, Auzoekin (Hondarribia), Auzotik Mundura eta Hauskor (Pasaia), Maitaro (Donostia), Kalelagun eta Etxelagun (Beasain), Hiru Hari (Errenteria) eta HARIAK Kantuz (Urnieta). Ekimen horietako bakoitzak lotura sozialak indartzeko, komunitatearen parte-hartzea sustatzeko eta isolamendu-egoerei aurrea hartzeko modu desberdinak erakusten ditu.

Jardunaldia Urnietako Adarramendi Abesbatzak "Bizikidetza Hariak" himnoaren interpretazioarekin amaitu da. Josu Elberdinek zuzendutako berrogeita hamar bat abeslarik euren ahotsak batu dituzte gizarte-kohesioaren eta nahi gabeko bakardadeen aurkako borrokaren garrantziaz sentsibilizatzeko.

Amaiera gisa, HARIAK estrategiako protagonistek ekimenaren dekalogoa aurkeztu dute agertokian. Dokumentu horrek Gipuzkoak gizarte konektatuago, inklusiboago eta zaintzaileago baten alde duen konpromisoa gidatzen duten printzipioak jasotzen ditu.