Atzealdea Gipuzkoak eskualde mailako lehen zaintza ekosistema bultzatu du: Debagoiena Ehuntzen

2026 / 01 / 16

Gipuzkoak eskualde mailako lehen zaintza ekosistema bultzatu du: Debagoiena Ehuntzen

HARIAK estrategiaren esparruan, Debagoiena Ehuntzen-ek nahi ez den bakardadeari buruzko zifrak aztertu ditu: Debagoienako biztanleriaren %22,3k adierazi du askotan edo beti bakarrik sentitzen dela. Atzo eta gaur Bergaran egindako Ongizatearen Plazako bigarren hitzorduak erdigunean jarri du berriz ere espazio ireki eta parte-hartzaileak sortzearen garrantzia

Ongizatearen Plazaren bigarren saioa gaur egin da Bergarako Seminarixoan, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako ekimen honek ongizate integrala erdigunean jarri du, topaketarako, ideiak partekatzeko eta hausnarketa kolektiborako aukera emanez. Atzoko eta gaurko jardunaldietan zehar, ekimenak solasaldiak, eztabaida-mahaiak eta proposamen parte-hartzaileak bildu ditu, osasuna eta longebitatea, jarduera fisikoa, osasun mentala, gizarteratzea, elikadura iraunkorra eta teknoadikzioak bezalako funtsezko esparruetan oinarrituta.

‘Debagoiena Ehuntzen’, eskualdeko lehen ekosistema Gipuzkoan

Debagoiena Ehuntzen-en aurkezpenarekin hasi da jardunaldia, Gipuzkoan eskualdeko irismena duen lehen Tokiko Zaintza Ekosistema. Aurkezpenean izan dira Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua, Rakel San Sebastian Adinberri Fundazioko zuzendaria, eta Nerea Zubillaga eta Garazi Otxoa, eskualdean egindako ikerketa eta lortutako datu eta ondorio nagusien berri emateko emateko asmoz.

Debagoiena Ehuntzen proiektua Tokiko Zaintza Ekosistemen parte da, Adinberriko HARIAK estrategiaren esparruan garatua, Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatua, Debagoienako Mankomunitatearekin eta eskualdeko udalekin lankidetza estuan. Ekosistema sortu da biztanleriaren zahartzeak eta nahi ez den bakardade egoeren gorakadak markatutako testuinguru batean, izan ere, errealitate horrek eragin zuzena du pertsonen osasunean, ongizatean eta parte-hartze sozialean.

Ildo horretan, Maite Peña diputatuak gogorarazi du adinekoen %30 inguru bakarrik sentitzen dela maiz, bakardadea emozionalaz haratago doala eta zuzenean eragiten duela osasun fisikoan, autonomia pertsonalean eta lotura komunitarioan. Errealitate horri heltzeko, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Adinberriren bitartez, HARIAK estrategia bultzatu du. Estrategia horrek lurraldearen erantzuna bideratzen du nahi ez den bakardadearen aurrean, pertsonen, auzoen, eragileen eta administrazioen arteko loturak sustatuz. Esparru horretan, tokiko zaintza ekosistemak funtsezko tresna gisa finkatu dira, hurbilagoa, prebentziozkoa, komunitarioa eta pertsona bakoitzaren beharretan oinarritua den zainketa-eredu baterantz aurrera egiteko. Eredu horretan kokatzen da Debagoiena Ehuntzen proiektua.

Testuinguru horretan, Jasone Giraldo Arrasateko Udaleko Ongizate batzordeko presidenteak eta Debagoieneko Mankomunitateko ordezkariak adierazi du 2021az geroztik Debagoienak aktiboki parte hartu duela eskualdean HARIAK estrategiaren garapenean, lurraldeko hainbat eragile eta erakunderekin batera ekintza estrategiko komun bat eraikiz. Giraldok nabarmendu duenez, erronka partekatuak identifikatzearen ondorioz, nahi ez den bakardadea eskualdeko lehentasun gisa kokatu da, inguruko eragileak koordinatzera eta dinamizatzera, baliabideak optimizatzera eta elkarlanerako eredu bat sortzera bideratutako proiektu bateratu bat bultzatuz, segida eta Gipuzkoako beste lurralde batzuetara eskalatzeko aukera emango duena.

Jardunaldian zehar, Debagoienako udalerrietako 18 urtetik gorako biztanleen artean bakardadea neurtzeko egindako eskualde-inkestaren lehen emaitzak jakinarazi dira; 440 herritarrek baino gehiagok parte hartu dute. Datuek eskualdeko bakardadeari buruzko irakurketa sakona eta aberatsa egiteko aukera eman dute. Emaitza garrantzitsuenen artean, inkestatutako pertsonen %22,3k adierazi du sarritan edo beti sentitzen dela bakarrik, eta %9k intentsitate handiko bakardade-egoerak bizi dituela.

Gizarte-harremanen dimentsioari dagokionez, pertsonen %12,9 isolatze arriskuan dago, eta %9k ez du egunero harremanik etxetik kanpo. Bakardade sozialari eta emozionalari dagokionez, inkestatutako pertsonen %75ek baino gehiagok konfiantza-sarerik edo hurbileko lagun eza ezaugarri duen bakardade motaren bat du, eta %36,9k bakardade sozialaren adierazle guztiak betetzen ditu. Gainera, ongizate subjektiboaren ebaluazioari esker, depresio-arriskuarekin lotutako faktoreak identifikatu ahal izan dira: bakarrik sentitzen direnen %57 norbaitekin bizi da, eta horrek bakardadearen konplexutasuna eta horri dimentsio askotatik heltzeko beharra azpimarratzen ditu.

Parte hartzeko espazioa, ongizatea eta komunitate-bizitza

Ongizatearen Plazako bigarren jardunaldiak agerian utzi du ongizate integrala eta bizitza komunitarioa indartzeko espazio ireki eta parte-hartzaileen balioa. Plazak lurraldeko pertsona, erakunde eta eragileak bildu ditu elkarrizketa eta hausnarketa partekatuko ingurune batean, eta ikusarazi du herritarrek ongizatearekin eta osasun emozionalarekin lotutako erronkei modu kolektiboan heltzeko interesa dutela.

Gaurko egunaren parte izan da Why Not-en zuzeneko podcast, tokiko elkarte, erakunde eta eragileek parte hartu dutena. How to Have Sex filmaren proiekzioa ere izan da, Molly Manning Walkerrek zuzendua; Euskadiko Filmategiaren zuzendaria den Joxean Fernandezek aurkeztu du, eta ondoren solasaldi batean parte hartzeko aukera izan da Bergarako Zine Forumak gidatuta. Amaitzeko, musikak hartu du plaza, Kantu Jiraren saio berezi batekin eta pintxo potearekin, komunitatearen parte-hartzeak markatutako jardunaldiari amaiera emanez.