Atzealdea ADINBERRI, berriz ere Ongizatearen Plazan, oraingo honetan Legazpin
ADINBERRI, berriz ere Ongizatearen Plazan, oraingo honetan Legazpin
Gazteen ongizatea, nahi ez den bakardadea, inklusioa, elikadura jasangarria eta belaunaldi arteko loturen inguruko buruzko jarduerak hartu ditu jardunaldiak
Adinberri saioa ireki du jardunaldia Legazpin, Plazaola parkean. Goiz eta arratsalde, ongizate integralaren inguruko hainbat solasaldi, mahai-inguru eta jarduera parte hartzaile hartu ditu Foru Aldundiak antolatutako espazio berritzaile honek. Hala nola, gazteen ongizatea, nahi ez den bakardadea, inklusioa, elikadura jasangarria eta belaunaldi arteko loturak izango dituzte aztergai eta mintzagai datozen bi egunotan.
“Ongizate integralaren inguruan hitz egiteko eta elkarri entzuteko gune irekia da hau”, azaldu du Eider Mendoza diputatu nagusiak, “pertsona guztien ongizate integrala” baita bere esanetan “komunitate eta lurralde bezala plazaren erdian jartzen asmatu behar dugun lehentasuna”.
Errealitate berriek, baina, eskatzen dute gai horiei buruz mintzatzea eta gogoetak trukatzea. Horregatik eskaini zaio, egitasmo honen bitartez, “plaza bat ongizate integralari”. Mendozak gogorarazi du gipuzkoar herri eta auzoetan “komunitatearen elkargune” direla plazak, “elkar entzuteko, elkarrekin egoteko eta ospatzeko” topagune, alegia. “Ekimen honen bitartez, hain zuzen ere, ongizatearen inguruan hitz egin eta, modu parte hartzaile eta ludiko batean, egunerokoan eta komunitate bizitzan urrats berriak emateko bideak partekatu nahi ditugu”, zehaztu du.
Horregatik guztiagatik, diputatu nagusiak gonbitea luzatu die legazpiar guztiei, bertaratu eta Plazaola parkean zabaldutako Ongizatearen Plazan parte hartzeko. “Ongi egoteaz aparte, gipuzkoarrak ongi sentitzea nahi dugu. Gipuzkoar guztien ongizate integrala bultzatu nahi dugu, hori da Aldundiaren lehentasun nagusia”, azaldu du Mendozak.
Irekitzeko, Adinberrirekin saioa
Ongizatearen Plaza 10:00etan abiatu da, Adinberri telebista saioaren gidari Iñigo Vicens prestatzaile fisikoaren eskutik, adinekoei zuzendutako ariketa fisikoa eta elikaduraren inguruko tartearekin. Tarte berean, Naia Rosek estimulazio kognitiboko saioa eskaini du eta Raquel Rodriguez mindfulnessean adituak ere hartu du parte. 11:30etik aurrera, hiperkonexioaren garaiotan gazteen ongizatea izan dute mintzagai, gazteak eurak protagonista izan dituen solasaldian.
Nahi ez den bakardadea
Aukeratzen ez den bakardadea ez da adin-tarte jakin bateko arazoa soilik. Hirugarren adinekoek bezala, gazteek ere gero eta eragin handiagoa dute. Bigarren jardunaldian Ados Teatroak bakardadearen inguruan ekoitzitako hiru mikro-dokumental proiektatu dira, hiru pertsonako kasu erreal bezain gogorrak gertutik ezagutzeko helburuarekin.