TEKNOADINEKO programak hautazkoa ez den bakardade egoera hauskorrei erantzuteko estrategia oso bat proposatzen du. Helburu nagusia, ikuspegi prebentibo batetik adineko pertsonen autonomia eta bizi-kalitatea sustatzea da, bakardade egoerek norbanakoen osasun eta bizi kalitatean eragin dezakeen narriadura prozesua atzeratuz, lausotuz edota irauliz. Proposatutako helburuak lortzeko, programak hainbat lan lerro, metodologia eta tresna konbinatzen ditu. Hala ere, orokorrean hiru lan lerro nagusi dituela esan daiteke:
- Teknoadineko informazio sistema: Bakardade egoera hauskorren (aurre)detekziorako eta sailkapenerako tresna: informazio sistema hau, Bogan Talde kooperatiboaren, GISLAN kooperatibarekin elkarlanetik jaio da. Datuen ingeniaritzan eta ingeniaritza sozialean oinarritutako teknologia da eta udaleko sistema informatikoan instalatzen da. Gaur egun, erakunde publikoek kudeatzen dituzten datu base ezberdinak (errolda, katastroa, gizarte zerbitzuetako datu baseak…) erabiltzen ditu egoera hauskorren detekziorako eta datu base guzti hauek adierazle bateria batekin gurutzatzen dira hauskortasun mailaren arabera sailkatzeko detektatutako pertsonak. Honez gain, komunitateko bolondresekin (Auzozainak) elkarlanean kasuen jarraipena egiteko bideak ere eskaintzen ditu APP baten bidez. Bolondresek hauskortasun egoeran dauden pertsonen gaineko pertzepzioak islatu ditzakete bertan, gizarte zerbitzuei egoera horren inguruko informazio eguneratua iristen zaielarik.
- Aktibazio eta dinamizazio komunitarioaren bidez, adineko pertsonen errealitatearen gainean komunitatearen “begirada soziala” eta konpromisoa aktibatzea bilatzen da, berau sentsibilizatu eta ahalduntzearen bitartez. Adinekoak komunitatearekin (ber)konektatzeko prozesuan, esku hartze profesionalaz gain, komunitatearekin elkarlana (modu anitzetan) ezinbestekoa dela uste da. Ez da adinekoekin esku hartzea eremu profesional batera mugatzen, bakardade egoera hauskorrei erantzuteko elkarlan publiko-komunitarioa bilatzen du etengabe.
- Akonpainamendu sozio-hezitzaile eta komunitarioa. Bakardade ez hautatu egoeran dauden adineko pertsonen behar sozial eta psikikoei erantzuteko akonpainamendu sozio hezitzaile eta komunitarioko esku hartze eredu espezifiko bat da. Pertsonen errealitate, motibazio eta beharrak esku hartzearen zentroan jarriz, bakardade ez hautatu egoera batetik komunitatean bere bizitza modu autonomoan garatzeko akonpainamendu zerbitzu bat eskaini nahi zaie onuradunei (gizarte zerbitzuen zorroko 1.3 zerbitzuan kokatzen da) . Era horretara, bakardade ez hautatuak azkartu ditzakeen narriadura prozesuak (osasun fisiko eta psikologikoa, harreman sozialak…) eta gizarte bazterketa eta mendekotasun egoerak ekiditea edo atzeratzea bilatuz.