Legazpi, Arrasate, Tolosa, Irun, Zarautz, Beasain, Pasaia… Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberri Fundazioak nahi ez diren bakardadeei aurre egiteko Hariak Estrategia ezagutarazteko antolatu dituzten ekitaldiak, zazpi udalerritan aurkeztu da orain arte. Une egokia Rakel San Sebastian Adinberriko zuzendari nagusiarekin zenbakiak eta sentsazioak aztertzeko.
Zenbakiei dagokienez, 700 pertsona inguru joan dira elkarrizketa publikoetara, non erakundeen eta Fundazioaren ordezkariek estrategia hori zertan datzan azaldu dute. Gainera, boluntarioek lortu dute 303 pertsona interesatzea eta bakardadea uxatzeko abian jarriko diren proiektuekin elkarlanean aritzea. Jende heldu askok, baina baita gazteek ere, hiperkonektatutako gizarte batean bizi arren, arazoa ulertu dute eta sentsibilizatu dira. “Balorazioa oso positiboa da. Datuez gain, ekimen horretatik udalerri guztietan jaso dugun feedbacka ere azpimarratuko nuke; jendeak eskertzen du gai honi ekitea. Hain zuzen, hala atera zen aurreko parte-hartze prozesuan ere, eta 10etik 9,2ko nota atera zuen”, dio Rakelek.
Radarra aktibatzera
Asteartean Pasaiako Bizkaia Plazan banatu ziren Hariak Estratetegiaren ideiak idatzia zeukaten hamar bankuetako batean eserita, Adinberriren arduradunak azpimarratu zuen jende askok gehiago egin nahi duela, horregatik galdetzen dute nola lagundu dezaketen. Aurkezpenen ondoren (falta dira Urnieta uztailaren 28an, Eibar uztailaren 30ean eta Donostia uztailaren 6an), gizarte-erakundeek komunitatea sortzen lagunduko duten proiektuak aurkeztuko dituzte.
Bitartean, Rakel San Sebastianek radarra aktibatzera bultzatzen ditu pertsona guztiak, ingurune hurbilenetan bakardade-egoerak hautemateko. “Egiten ari garen guztiak bizilagunari beste begirada bat emateko sentsibilizazio eta kontzientziazio-kanpaina gisa ere balio du. Komunitatearen, auzokoen kontzeptua berreskuratzen saiatu behar da, beti pertsonen autonomia errespetatuz”, dio.
Adinberriko zuzendari nagusia Maite Peña Gizarte Ongizateko foru-diputatuak, Pasaiako Gizarte Ekintza zinegotziak, Loreto Osak, eta Adinberriko Berrikuntza arduradunak, Ainhoa Becerrak lagundu zuen Pasaian. Peñak gogorarazi zuen Hariak Gipuzkoako gizartearen atxikimendu boluntario eta loteslea bilatzen ari dela: “Hariak elkarteak lagundu nahi du lurralde bat eraikitzen, non pertsonek gaitasun eta baliabide pertsonal gehiago izan ditzaten bakardade-egoeretan. Horretarako, guztion parte-hartzea behar dugu”.