Hariak estrategiaren arrakasta

2022-07-07

2022 / 07 / 07
Hariak estrategiaren arrakasta

Hariak estrategiaren aurkezpenaren jarduerek Donostiako Udaletxean izan zuten bukaera eta bertan Markel Olano diputatu nagusiak; Mariaje Idoeta zinegotziak; Rakel San Sebastian, Adinberriko arduradunak eta Ainhoa Becerra, Adinberriko berrikuntzako arduradunak hartu zuten parte.

Beti bezala, arparen doinuekin sartu ziren Alderdi Ederren inguruan zeudenak Udaletxeko Pleno Aretora. Leporaino bete zen aretoa, Hariak estrategiaren aurkezpenak lortu duen arrakasta ederki islatuz. Hilabete hauetan zehar egindako 10 aurkezpenek arrakasta berretsi dute: 1.300 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute eta atxikimenduen kopurua 500etik gorakoa izan da. Markel Olanok esan zuen bezala, “Berrikuntza honek nahi ez diren bakardadeei aurre egiteko apustu partekatua indartzen du, hazten ari den eta gizarte osoaren inplikazioa eskatzen duen fenomenoa”.

Diputatu nagusiak azpimarratu nahi izan zuen “gipuzkoan, 55 urtetik gorako pertsonen %30 inguru (88.500 pertsona) bakarrik sentitzen dira, baina soilik 5,5%ek aitortzen dute egoera hori modu irekian”. Horregatik Aldundiak eta Adinberrik herritarrei eskatu diete Hariak mugimenduarekin eta otsailean Donostian egingo den naziorteko kongresuarekin bat egitea.

Diputatu nagusia, Markel Olano.

Bestalde, Olanok azaldu zuen bakardadeei aurre egitea gipuzkoar guztien lana dela eta “Hariak estrategiak lurralde bat eraikitzen lagundu nahi du, non pertsonek gaitasun eta baliabide personal gehiago izango dituzten bakardade egoeren aurrean, esanahi handiko lotura sozial eta afektiboak izango dituzten, parte-hartze eta lotura sozial handiagoak sortuz”.

Estrategia partekatua

Diputatu Nagusiak Mariaje Idoeta zinegotziaren ondoren hartu zuen hitza. Donostiako ordezkariak esan zuen ospatzekoa dela “Donostian eta Gipuzkoan bi urtetan zehar egindako lana. Elkarrekin sortutako estrategia partekatu baten bidez lortuko dugu bakardade egoerei aurre egitea”. Onartzen du Idoetak “erronka konplexua dela” eta horregatik “estrategia partekatua behar dugu”. Horrez gain, “fenomenoa ulertu” eta arazoari konponbidea aurkitzeko “hiriak eta herritarrek hirigntzatik egin behar dugu lan. Modu honetan konexio aukera handiagoak izango ditugu bizitza duinagoa garatzeko. Guztion arteko konpromezua hartuko dugu”, gehitu zuen zinegotziak.

Politikarien hitzaldien ondoren, beti bezala, Rakel San Sebastianek eta Ainhoa Becerrak antzerki bat baliatuz Hariak estrategiaren xehetasunak azaldu zituzten. Aizpea Goenaga aktorearekin batera bakardadeek eragiten dituzten kalteen aurrean nola egin dezakegun lan azaldu zuten. Jendea Hariak estrategiaren atxikimendua sinatzera ere animatu zuten Becerrak eta San Sebastianek: “Atxikimenduak gomendioei jarraitzera, konpromisoak garatzera eta estrategia gure egunerokoan eta gure antolakundean integratzera konprometitzen gaitu. Horren truke, laguntza teknikoa eta finantzaketa ematen ditu proiektuak gauzatzeko eta jarduketak politika publikoetan txertatzeko”.

Adinberriko zuzendariaren hitzen ondoren, musikaren momentua iritsi zen. Easo eta Cum Jubilo abesbatzek bertan bildutakoak hunkitu zituzten bere ahotsekin. Hariak estrategiaren ereserkiarekin amaiera eman zioten abesbatzek aurkezpen arrakastatsu honi.

 

Idoeta, Olano, Peña eta San Sebastian.
Donostiako Udalako zinegotzia, Mariaje Idoeta.
Ainhoa Becerra, Rakel San Sebastian eta Aizpea Goenaga.
Donostiako Udaletxeko pleno aretoa.
Easo eta Cum Jubilo abesbatzak.
Ane Arteche arpa jotzen.

Argazkiak: Luis M. Unciti