“Funtsezkoa da sortutako dekalogoa bereganatzea”

2022-06-28

2022 / 06 / 28
Funtsezkoa da sortutako dekalogoa bereganatzea
Aizpea Goenaga aktoreak Hariak Estrategiaren dekalogoa bereganatu duela aitortzen du. Irudiak: Luis M. Unciti

Urnietako Herriko Plazan giro polita bazen ere, jendea gogoz sartu zen Sarobe Antzokira Hariak Estrategiaren aurkezpena ikusi ahal izateko. Ekitaldia Urnietako alkatea den Jorge Seguradoren eskutik hasi zen, publikoari ongietorria eta esker ona luzatuz. Bere hitzaldian Hariak Estrategia proiektuaren “garrantzia” azpimarratu zuen, “desiratzen ez diren bakardadeetan jartzen baitu fokua”.

Seguradok adierazi zuenez, “pandemiak agerian utzi du pertsonen arteko mendekotasuna, bai birusa kutsatzeko orduan, bai elkarren artean zaintzeko eta sendatzeko ere. Gizakiak harremanak behar ditugu gure bizitzan, logistika aldetik, sozializazio aldetik eta adimen-osasun aldetik”.

Hori dela eta, “ezinbestekoa iruditzen zaigu gai honi heltzea eta konponbidea bilatzen saiatzea. Desiratu gabeko bakardede horiek saihestuko dituen harremanen sarea izatea funtsezkoa da, zahartze aktiboa, osasungarria eta bizi kalitatea hobea ekarriko duena”

Behin Seguradoren agerraldia bukatutzat emanda, aurkezpenak aurrera jarraitu zuen. Baina ez Maite Peñaren eskutik, oraingo honetan Gizarte Politikako foru diputatuak ezin baitzuen ekitalditan parte-hartu, baizik eta Aizpea Goenagaren eskutik. Aktore ezagun honen gidapenean, Rakel San Sebastian, Adinberriko zuzendari nagusia, eta Ainhoa Becerra, erakunde bereko berrikuntza arduraduna, eszenatokira igo ziren, hiruren arteko solasaldi arinaren bidez Hariak Estrategiari buruzko zehaztasun guztiak azaltzeko.

Bakardadeen gaia islatzen duen antzezpen txiki bat egin eta gero, Aizpearen papera “publikoaren, hau da, butakan eserita dauden pertsonen ahotsa izatea da, edonork izan ditzaken galderak botaz”. Hariak Estrategiaren aurkezpen-bidai honetan parte hartzea esperientzia “zoragarria” izan dela dio aktoreak, atzetik Adinberrik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako lana balioan jarriz: “Bakardadeak ahaztuta dugun gaia da eta oso garrantzitsua da hura gogoaraztea. Eta benetan azpimarragarria da horren inguruan elkarrizketa publikoa sortzeko egindako ahalegina, bai eta eragile eta erakundeekin aurrera eramandako ariketa”.

Hariak Estrategia ezagutu zuenetik “hura zabaltzeko eta ezagutzera emateko gogoz negoen”. Baina bada gauza bat “benetan polita” iruditu zaiona: “Dekalogoa sortzearen lanarekin erabat asmatu da. Horrek hartzen dituen hamar esaldien bitartez jendearen ‘txip’-a aldatzen da. Neuk ere sortutako Dekalogoa bereganatu dut, funtsezkoa baita gizartean jokaera horiek zabaltzea”.

Oro har, Adinberrik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako lana goraipatzen du, ekimen honen bitartzez “bakardadeak saihesteko ahaleginaren lidergoa hartzea eta ibilbide-orri batean bateratzearen lana egitea oso garrantzitsua da. Gipuzkoa aitzindaria izan daiteke horrelako proiektu batekin”.
Ekitaldiari amaiera eman baino lehen, musika nagusitu zen berriz ere, oraingo honetan Hernaniko Musika Eskolako Abesbatzako umeen eta Ibaiertz Abesbatzako helduen eskutik. Josu Elberdin pianoan eta Amaia Aldalurren zuzendaritzapean, adin eta belaunaldi desberdinetako ahotsek koru polita sortu eta batera hainbat kanta abestu zituzten. Xabier Leteren ‘Xalbadorren heriotzean’ eta Mikel Laboaren ‘Txoria txori’ abestien sentimendu eta zirraratik, ‘Arratsalde honetan’ kantaren erritmo alaira, publikoak primeran pasa eta gogoz abestu zuen.

 

Erakundeetako ordezkariak.
Amaia Aldalurre.
Publiko ugari bildu zen Sarobe Antzokian.
Hernaniko Musika Eskolako eta Ibaiertz abesbatzak.
Jorge Segurado.
Ainhoa Becerra, Rakel San Sebastian eta Aizpea Goenaga.
Aizpea Goenaga