Hariak estrategia Topic-en aurkeztu zen tolosarren aurrean

Musika izan zen ekitaldia Topic Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentrora eraman zuen haria. Areto Nagusia izan zen jarduera nagusiaren eszenatokia. Ikusleak sartzerakoan arparen doinua entzuten zen. Nerea Azkona zen arpa-jolea eta bere instrumentutik ateratzen zen soinu gozoak jendea erakarri zuen.
Donostiar honek txikitatik jotzen du arpa. Onartzen du bere gurasoei arpa jo nahi zuela esaterakoan hauek harritu egin zirela, baina gaur egun pozik daude hartutako erabakiarekin: “14 urte daramatzat arpa jotzen. Ez da instrumentu erraza, baina denek daukate bere gakoa”. Nereak gustura hartu zuen Hariak estrategiaren aurkezpenean parte hartzea eta azaltzen du “eskaera dexente” daukatela arpa-joleek, Gipuzkoan gutxi baitira instrumentu hau jotzen dakitenak.
Arparen musika bukatu bezain laster Olatz Peonek, Tolosako alkateak, hartu zuen hitza: “Ezinbestekoa da estrategia publikoa bultzatzea bakardadeei erantzun koordinatua emateko”. Eta horretan dago Tolosa: “Gizarte bezala daukagun erronka da bakardadeei aurre egitea, baina baita herri bezala”. Horregatik Tolosan “denbora daramagu zahartzaro aktiboa eta osasuntsua sustatzen”. Helburu horrekin hainbat ekimen dauzka martxan Tolosak: “2020an Adinkide jarri genuen martxan”. Ekimen honen bitartez “boluntarioek adinekoei laguntzen diete”. Argi dago bakardadeen “inzidentzia geroz eta handiagoa dela” eta horregatik “geroz eta garrantzitsuagoa” da estrategia argi bat izatea hauei aurre egiteko.
Musika amaitzeko
Maite Peñak, Gizarte Politikako diputatuak, hartu zuen hitza alkatearen ondoren eta azpimarratu nahi izan zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak gizarte eragileei egindako galdera zuzen baten ondorioz bakardadeak gizartearekiko duten garrantziaz jabetu zirela.
Hau jakinda, Hariak estrategia martxan jarri zuten eta orain bailaraz bailara plazaratzen ari dira Gipuzkoako bazter guztietatik. Aurkezpen zehatzena Rakel San Sebastianen –Adinberriko zuzendari nagusia- eta Ainhoa Becerraren -Adinberriko berrikuntza arduraduna- esku geratu zen. Hauek bakardadeeri aurre egiteko garrantzia azaldu zuten Aizpea Goenagaren aurkezpenarekin.
Legazpin eta Arrasaten bezala, abesbatzen lana izan zen saioari amaiera ematea. Klara Mendizabal da Eresargi Txiki abesbatzaren zuzendaria eta zuzentzen dituen neskek 11 eta 16 urte bitarteko adina dute. Mutilarik gabe geratu dira eta azaltzen du nola “abesbatza berpizten” ari diren, pandemiako murrizketek min haundia eragin zietelako abesbatzei. Baina ilusioz ari dira eta ilusioz hartu zuten atzo Tolosan abesteko erronka. Sekulakoa izan zen bere saioa. Bella Ciao kantatzerakoan Topic-en bildutakoak hunkitu zituzten. Mendizabalek zioen bezala, “abesbatzak bakardadeen aurka baliotsuak dira” erlazio sendoak egiten direlako. “Nik bost urtekin abesbatzan egin nituen lagunak mantentzen ditut”, onartzen du.
Hodeiertz abesbatza izan zen ere protagonista atzo Tolosan. Oscar Rodriguezek zuzendu zuen abesbatza. Saio benetan polita eskaini zuten abeslari tolosarrek eta ospakizunak prestatzen ari dira, hurrengo urtean 40 urte beteko dituztelako.