Musika, bakardadeen aurka

Oñatiko Ganbara Abesbatzak eta Arrasateko Gazte Abesbatzak sekulako amaiera eman zioten Arrasaten Hariak estrategiaren bigarren ekitaldiari

Bi abesbatzek bat egin zuten azken pieza interpretatzeko
Oñatiko Ganbara Abesbatza.

Kanpoan izandako jardueren ondoren, Kulturate Areto Nagusira lekualdatu ziren jarduerak. Bertan, Maitane Muñozek, Arrasateko zinegotziak, hartu zuen hitza eta bere herrikideei honako mezua bidali zien: “Bakardadea aukeratuta ez denean, ez da gozoa. Latza eta gogorra izaten da. Helburua hori arretarekin leuntzea da eta herritarrek eta instituzioek lan egitea elkarrekin bakardadeak detektatzeko eta haiei aurre egiteko”.

Muñozek argi esan zien herrikideei Arrasatek lan egingo duela herria “auzo handi bat” bihurtzeko “guztien artean bakarrik daudenei laguntzeko” eta hauek “bakarrik ez sentitzeko”. Arrasateko zinegotziaren ondoren, Maite Peñak, Gizarte Politikako foru diputatuak, Hariak Estrategiaren helburuak azaldu zituen eta gogoratu zuen “bailaraz bailara ibiliko garela Gipuzkoatik” ekimena aurkezten.

Beste aurpegi ezaguna agertu zen eszenatokian diputatua jaitsi bezain laster. Klara Badiola aktorea zen eta lagunak itxoiten ari den pertsona batek dauzkan pentsamenduak plazaratu zituen. Momentu horretan agertu ziren Rakel San Sebastian, Adinberriko zuzendari nagusia, eta Ainhoa Becerra, Adinberriko berrikuntza arduraduna. Bien artean, Klarari eta aretoan bilduta zeuden pertsona guztiei Hariak estretegiaren xehetasunak azaldu zizkieten. Solasaldian ibili ziren eta Arrasateko bizilagunei azaldu zieten nola estrategia publiko bat behar den bakardadeei aurre egiteko. Azpimarratu zuten auzokideek daukaten garrantzia bakardade horiek detektatzeko eta haiei aurre egiteko.

Musika da bakardadeen aurkako beste tresna balioduna. Eta musika izan zen, hain zuzen ere, Arrasateko emanaldia borobildu zuena. Oñatiko Ganbara Abesbatza eta Arrasateko Gazte Abesbatza agertu ziren ikusleak hunkitzeko beren ahotsekin. Raquel Murgiondok, Arrasateko Gazte Abesbatzako zuzendariak azaldu zuen nolako eragina izan zuen pandemiak bere taldean. “Bi urtetan zehar ezin izan genuen lan egin eta aurten berreskuratu dugu abesbatza haur berriekin”. Azken hilabetetan egindako lana ona izan dela argi geratu zen, abesti zoragarriak eskaini baitzituzten. ‘Let it be euskaratuta’ eta ‘Pasaian Zezenak’ izan ziren bere piezak.

Aitor Biainek, Ganbara Abesbatzako zuzendariak esaten zuen bezala, “musikaren bitartez gai honek daukan garrantzia adierazten saiatu gara”. Eta helburua lortu zuten, sekulako momentu magikoa bizi zelako Kulturateko Areto Nagusian. Azken momentuan bi abesbatzek bat egin zuten eszenatokiaren gainean eta ‘Bizirik Gaudelako’ abestia interpretatu zuten elkarrekin.