Kostaldean barrena dabil Hariak

Eguraldi nahasiak ezin izan zuen Hariak Estrategiaren bidaia gelditu eta Zarautzek harrera ezinhobea egin zion ekimenaren aurkezpenari

Iria irribarretsu lortutako plakarekin.

Hariak Estrategiaren auzkezpen-bidaia ekuadorrera iritsi zen Zarautzen. Arratsaldeko lehen minutuetan euria bota bazuen ere, jende ugari hurbildu zen Zarautzko Musika Plazara, bertan kokatuta baitzegoen ekimena ezagutzera emateko prestatutako gunea.

Ainhoa Riveroren eskutik Hiloramak aurrera jarraitzen zuen bitartean, Hariak estrategiaren dekalogoa inskribatuta duten hamar bankuak elkargune bilakatu ziren. Umeak nagusi, boluntarioen laguntzarekin hainbat eskulan eta tailerretaz gozatzeko aukera egon zen. Euskara, gaztelania eta ingelesa hizkuntzak nahasten ziren giro zoragarrian.

Partaide goiztiarren artean zaratuztar familia bat zegoen. Unax eta Iria telarrak eta ponpoiak lantzen zituzten bitartean, euren gurasoak, Ibai eta Angela, estrategia ezagutzeaz arduratzen ziren: “Zorionez gure familian ez dago bakardadeen arazorik, baina gertuko gizartean ematen den arazoa da eta ondo ikusten dugu horrelako gauzak antolatzea”.

Hariak Estrategiari babesa erakutsi zutenen artean, bisitariak ere egon ziren. Bartzelonatik iritsita Gipuzkoako kostaldea ezagutzeko, Juanek begi onez ikusi zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik martxan jarritako ekimena. Estrategia “oso interesgarria” iruditu zitzaion “behar dutenei beti lagundu behar zaielako” eta aitortu zuenez, “pertsona askok, nik barne, ez dugu denbora askorik gauza hauei eskaintzeko baina ahal dugun moduan laguntzen dugu”.

Musika Plazatik gertu Santa Ana zaharren-egoitza dago eta bertan bizi dira Isabel eta Maria. Egunero batera hartzen duten paseoan Hariak Estrategiarekin topatu ziren eta bakardareei aurre egitea “oso beharrezkoa” dela aipatu zuten: “Egoitzan jarduera asko
antolatzen dira jendea bakarrik egon ez dadin. Gure adinarekin garrantzitsua da betebeharrak izatea”.

Ane Artetxe arpa-jolea iritsi bezain pronto, musikaren soinu gozoak jendea erakarri zuen musikariarengana eta tailerrak bukatutzat emanda, Modelo Aretoan ospatu behar zen Hariak Estrategiaren aurkezpenaren txanda iritsi zen. Urola Kostako herrialdean egindako geldialdia bidaiaren bosgarrena izan zen eta datorren astean Hariak kostaldetik jarraituko da, Pasaiak hartuko baitu lekukoa.