Ibilbide-orria

2019

Lehen urratsak egin ziren bakardadearen erronkari estrategia instituzional eta eraikuntza kooperatibo eta partaidetzazkoaren bitartez heltzeko, Adinberri ekosistemako erreferentziazko eragileekin batera. Ordurako gorabideko ekimen edo prozesu asko –funtsean ekintza sozialeko hirugarren sektorearen esparruan– ari ziren bakardadeen eremuko proiektuak abiatzen, baina jarduketa-esparru komunik ez zegoen. Hariak jaiotzearen xedea zen jarduketa-esparru estrategiko hori ezartzea eta bakardade-egoerei aurrea hartzeko eta/edo aurre egiteko aurretik zeuden ekimen guztiak biltzea. Gainera, besteak beste, “Bakardadeak” azterlanaren ezagutza jaso genuen. Ikerketa-proiektu bat da, Matia Institutuak egindakoa urte bereko Adinberri laguntza-deialdiaren esparruan. Azterlanak lurraldean bakardadeak duen egoeraren benetako irudia eta ezagutza eman zigun: Betiere ebidentziatik abiatuta, etorkizuneko estrategiaren oinarriak eraikitzeko.

2020

Hariak-en hasierako talde eragilea sortu zen, COVID-19aren pandemiak ekarritako konfinamenduaren aurretik. Artean ikusi gabeko gertakari horrek ekarritako mugak gorabehera, era telematikoan heldu zitzaion haren xede nagusiari: etorkizuneko estrategiaren oinarriez hausnartzea eta horiek ezartzea, lehen urratsak egitea estrategiaren oinarrien dokumentua diseinatzeko. Aldi berean, lehen elkarlan-ildo bati heldu zitzaion Gipuzkoako udalekin batera, tokian-tokian bakardadeen egoera ezagutzeko, COVID-19aren konplexutasun handiko egoera hartan, zeinak zuzen-zuzenean eragiten baitzion jendearen bakardade-egoerari, bereziki nagusien eta/edo zaurgarrienen zirenenari. Galdetegi bat bidali zen lurraldeko 88 udaletara, alor horretan tokiko erakundeak egiten ari ziren ekimenen informazioa biltzeko. Azpimarratu behar dago udalen % 50ek baino gehiagok erantzun zutela. Horrekin guztiarekin, bakardadearen inguruko tokian tokiko ekimenen lurraldeko lehen mapa garatu zen. Azkenik, talde eragilean pertsona gehiago sartu zirenez –eta talde eragile zabaldua sortu zenez– estrategiaren oinarrien dokumentuaren lehen zirriborroa idatzi zen: HariakDdb.

2021

Partaidetzazko lurraldeko prozesu zabal bat garatu zen, estrategiaren talde eragile zabalduak (53 lagunek osatua) egindako oinarrien dokumentua kontrastatzeko, aberasteko eta garatzeko eta beste urrats bat egiteko tokian tokiko bakardadeen inguruko ekimenen mapan. Saioak egin ziren Gipuzkoako 10 eskualdeetan, eta ukitutako entitate eta eragile nagusiek parte hartu zuten, 400 pertsonak baino gehiagok ere bai. Gipuzkoako 88 udaletatik 77k hartu zuten parte, baita tokiko 98 entitate sozialek, Osakidetzak 6 ESIren bitartez eta 20 enpresak eta berrikuntza-zentrok ere. Egiaztatu zen fenomeno horri heltzeko beharrari buruz adostasun handia zegoela (9,6 puntu 10etik), eta proposatutako estrategien oinarriek eta osatzeko partaidetzazko prozesuak balioespen handia jasotzen zutela (8,4 eta 8,6 10etik, hurrenez hurren). Prozesuan eskuratutako inputa eta ezagutza oinarri hartuta, estrategiaren lehen bertsioa egin zen, bete-betean Etorkizuna Eraikiz ekimenaren eta Gipuzkoa 2020>2030 Agendaren esparruaren barruan.

2022

Maiatzetik uztailera eskualdeetan komunikazio-prozesu handia egin zen, Hariak esparru estrategikoaren azken bertsioa aurkezteko. Prozesu hau 2021ean egindako lanaren itzulketa da, eskualdez eskualde egina entitate eta eragile askorekin, eta herritarrei Hariak-en berri emateko modua ere bai. Belaunaldien arteko elkarrizketa publiko handi bat egin zen Gipuzkoako 10 eskualdeetan, eta 1 549 lagunek hartu zuten parte bertan. 10 ekitaldi izan ziren (eskualde bakoitzean bat): Beasainen, Tolosan, Pasaian, Donostian, Arrasaten, Legazpin, Urnietan, Irunen, Zarautzen eta Eibarren. Herritarren dekalogo bat egin zen, eta jardueretan parte hartu zutenen % 40k egin zuten bat. Estrategiaren I. Jarduketa Planaren (2022-2026) diseinua hasi zen, eta, horrekin batera, esparru estrategikoa egikaritzen hasi zen, Adinberri laguntzen deialdietatik eratorritako proiektuen edo erreferentziazko entitateekin egindako lankidetza-hitzarmenen bidez. Aisiaren, partaidetzaren, etxebizitzaren, hirigintzaren, boluntariotzaren eta elkartegintzaren eremuetako proiektuak dira, besteak beste.

Gabonetako lehen ekitaldia egin zen, Adinberri Hariak Kantuz, Kursaalean. 600 lagunek baino gehiagok hartu zuten parte (https://www.kursaal.eus/es/agenda/hariak-kantuz/).

2023

#HARIAKHUB abian jarri zen, estrategiaren idazkaritza teknikoak, hari atxikitako laguntza teknikoko eta adituen laguntzako zerbitzuek eta hausnarketa etikoko talde batek osatua –besteak beste–, I. Jarduketa Plana egikaritzeko (2022-2026).

«KORALE» proposamena aurkeztu zitzaion («Towards a community of practice and KnOwledge on the pRevention and tAckling of LonelinEss and situations of loneliness from public policies») Interreg Europe (IE) programari. HARIAK estrategiaren esparruko proiektu bat da, bakardadeen ingurukoa. KORALEren xedea da politika publikoak hobetzea, adinekoen eta gazteen artean bakardade(ar)en prebentzioa eta jorratzea txertatuz eta/edo integratuz, fenomenoaren inguruko kontzientziazio-maila, gertaera-tasa ezberdina eta ikusmolde ezberdina duten Europako eskualdeen artean esperientziak trukatuz. Urtearen amaieran ezagutuko da proiektuaren ebazpena.

AURREIKUSPENA: azaroan lurraldeko beste prozesu bati helduko zaio, eskualdez eskualde (https://hariak.adinberri.eus/eu/adinberrik-hariak-estrategiaren-lehen-jarduera-plana-eraikitzeko-lurralde-prozesu-berriari-ekin-dio/), estrategiaren I. Jarduketa Planari lotutako proiektuak batera sustatzen eta garatzen jarraitzeko.

Asmoa da proiektu horien bidez elkarrizketa publiko bat eraikitzen jarraitzea bakardadeen inguruan, lotura sozialak indartzea eta, azken finean, urratsak egitea nahi ez diren bakardade-egoerei aurrea hartzeko eta aurre egiteko. Parte hartzeko dei egin zaie Gipuzkoako 10 eskualdeetako udaletako ordezkariei eta Osakidetzakoei, baita eskualdeko hirugarren sektore sozialeko erakundeei eta bakardadeen erronkan murgilduta sentitzen diren eragileei ere.

AURREIKUSPENA: abenduaren 16an Gabonetako “Hariak Kantuz” ekitaldiaren bigarren saioa, Donostiako Kursaalen hori ere, Hariak sarearen barruko ekintza sozialeko hirugarren sektoreko entitateen topaketarekin batera.