Abrazo | ADINBERRI

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik nahi gabeko bakardadeei aurrea hartzeko eta aurre egiteko erabiltzen duten estrategia da Hariak.

Etorkizuna Eraikiz ekimenean eta Gipuzkoa 2020-2030 Agendan txertatuta dago, eta helburu hau du: etorkizuneko politika publikoak modu partekatuan eraikitzea, eta Gipuzkoa zaintza eta politika sozialen abangoardian kokatzea.

Gipuzkoan, zuzenean edo zeharka erakunde sozial askok jorratu dituzte bakardadeak azken urteotan, eta hainbat motatako ekimenak baliatu dituzte horretarako. Horregatik, orain arte herrietan egin den guztia aintzatetsiz eta nabarmenduz, Hariak ekimenak Gipuzkoa osorako estrategia bateratu bat eraiki nahi du, hainbat instituzio, gizarte-erakunde eta eragilerekin lankidetzan.

Azken 2 urteotan erakunde publikoen eta gizarte antolatu osoaren laguntzarekin egindako parte hartzeko prozesu zabal eta biziaren emaitza ere bada Hariak. Erakundeetako ordezkariek, gizarte-ordezkariek eta adituek osatutako 51 laguneko talde eragile baten eskutik, guztira 400 lagunek baino gehiagok hartu dute parte, orain 2 urte baino gehiago hasitako parte hartzeko prozesuan: Gipuzkoako 77 udalek, 98 gizarte-erakunde eta tokiko eragilek, Osakidetzak —6 ESIren bidez— eta 20 enpresak eta berrikuntza-zentrok. Halaber, parte hartzeko prozesuan tokiko 637 ekimen identifikatu ziren, nahi gabeko bakardadeei aurrea hartzen eta aurre egiten laguntzen dutenak, zuzenean edo zeharka.

55 urtetik gorako gipuzkoarren % 30 inguru bakarrik sentitzen da, baina % 5,5ek soilik onartzen du aho betean. Bakardadearen erronka horri aurre egiteko, Hariak-ek esparru estrategiko bat eskaintzen du, Gipuzkoako bakardadeen aurrean jarduerak bideratzeko. Beraz, estrategia orientatzailea da, eta, aldi berean, ekintzara bideratua.

Hariak estrategiak 3 mailatan sailkatzen ditu sustatu eta jorratuko dituen 12 jarduera-motak, lehen, bigarren eta hirugarren mailako prebentziokoak diren, eta estrategiari atxikitako eragileei 98 gomendio ematen dizkie, bakardade-egoerei aurrea hartzea eta aurre egitea ahalbidetuko duten ekimenak identifikatzeko. Gomendio horiek, era berean, 4 ibilbide estrategikoren arabera antolatzen dira: Hariak agente-sarea eta haren gobernantza eraikitzea; bakardadeei buruzko elkarrizketa publikoa bultzatu eta erraztea; jarduketak berritu eta jorratzea, eta ezagutza ebaluatu eta eraikitzea.

Jarduera-plan ezberdinetan mamitzen da esparru estrategikoa. Hauek hartuko dituzte barne: konpromisoak, proiektu eragileak, eta estrategiari atxikitako erakundeek beren eskumenen, aukeren eta interesen arabera onartzeko konpromisoa hartzen duten beste jarduera batzuk. 2022. eta 2026. urteak hartuko ditu lehenak.

Hariak ekimenaren helburuen artean dago gure lurraldeko pertsona guztiei pertsonak, egiturak, jarduerak, laguntzak eta tresnak eskura jartzea, bakardade-egoerei aurrea hartzeko eta aurre egiteko, halako egoeretan laguntza jasotzeko, eta esanguradun lotura sozial eta afektiboak izateko —eta, horrela, gizartean parte-hartze eta lotura handiagoa lortzeko—. Horretarako, funtsezkoa da administrazio publikoen, gizarte-entitateen, enpresen, akademiaren eta beste eragile batzuen ekintza itundu eta kolaboratiboa.

Adineko pertsonak eta zahartze-prozesuak dira estrategia horren ardatz nagusia, baina ez horiek bakarrik. Gipuzkoako gizarte osoari zuzentzen zaio, belaunaldien arteko elkartasuna funtsezkoa baita. Izan ere, lehen mailako erronka bat da, gizarte-erronka kolektibo bat, eta Gipuzkoa aukera-testuinguru batean ari da mugitzen.

Hariak estrategiaren dokumentua eta herritarren dekalogoa ezagutzera animatzen zaitugu, eta berarekin bat egitera, Gipuzkoa auzo handi bilaka dezagun eta, bakardadeen aurrean, denon artean elkarbizitzarako hariak ehun ditzagun.