Hariak Kantuz’ ekimenaren hasiera ezin hobea

Donostiako Kursaalean ospatutako Gabonetako I. Abesbatza-kontzertuak 2023. urtean zehar ospatuko den ‘Hariak Kantuz’ zikloari hasiera eman dio, Adinberrik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gipuzkoako Abesbatzen Federazioaren eskutik, nahi ez diren bakardadeen aurka aktibatutako estrategiaren barne

Ezkerretik eskuinera: Rakel San Sebastian, Adinberriko zuzendari nagusia; Lide Amilibia, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordea; Maite Peña, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatua; Aitziber San Román, Donostiako Udaletxeko Gizarte Ekintzako zinegotzia; eta Eva Ugalde eta David Azurza, Euskal Herriko Koruen Konfederazioko lehendakaria eta kordinatzailea. Argazkiak: Luis M. Unciti

Lepo bete zen Donostiako Kursaal Jauregiko ganbara aretoa ‘Hariak Kantuz’ ekimenaren baitan kokatutako Gabonetako I. Abesbatza-kontzertuan. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Adinberrik eta Gipuzkoako Abesbatzen Federazioak antolatutako ekintza honen bidez, ‘Hariak Kantuz’ ekimenari hasiera hobeezina eman zitzaion. Honen helburua nahi ez diren bakardadeak saihesteko eta gizarte-kohesioa indartzeko lurralde historikoko abesbatzen jarduera sustatzea izanik.

Gipuzkoak nahi ez diren bakardadeen aurkako borrokarako Hariak estrategia martxan du, helburu honen inguruan «ahalik eta eragile, erakunde eta hiritar gehien atxikitu daitezen. Izan ere, modu batera edo bestera denoi eragiten digun fenomenoa da eta denok dugu zeregina», dio Maite Peñak, Gizarte Politikako diputatuak. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik aktibatutako estrategia orokor horren baitan hainbat ekintza aurreikusten dira, eta bertan kokatzen da hasi berria den eta 2023.urtean zehar gauzatuko den ‘Hariak Kantuz’ ekimena. Peñaren ustez «musikak eta abesbatzek modu zuzenean lagundu dezakete nahi ez diren bakardadeak alboratzen. Estrategiaren baitan leku berezia dute abesbatzek, eta prozesu osoan zehar ikusi dugu zenbat pertsonengana heltzeko ahalmena duten; txiki zein nagusi, belaunaldien arteko harremanak ere sendotuz».

Bestalde, Rakel San Sebastianek, Adinberriko zuzendari nagusiak, adierazi duenez ‘Hariak Kantuz’ proiektuak «honako premisa du abiapuntu: jarduera korala izaera bereziki soziala duen praktika musikal bat denez, bertan modu naturalean sortu eta garatzen direla laguntza eta harreman sareak. Horrek esan nahi du, abesbatzek nahi ez diren bakardadeak lagundu eta aurreikusi ahal izateko askotariko baliabideak zabaltzen eta integratzen dituztela».

Ekitaldi ikusgarri eta hunkigarria

Aizpea Goenaga aktorea aurkezle eta gidari-lanetan aritu zen gabon-kantak nagusitu ziren ‘Hariak Kantuz’ kontzertuan. Emanaldian belaunaldi desberdinetako hiru abesbatz-taldek hartu zuten parte: hirugarren adineko Ibaiertz Abesbatza, Josu Elberdinen zuzendaritzapean; gazteen Oñati Ganbara Abesbatza, Aitor Biainen zuzendaritzapean; eta nerabeen Easo Gazte Abesbatza, Gorka Miranda zuzendaritzapean. Beraiekin batera hiru piano-jole egon ziren: Sofia Chacon, Josu Okiñena eta Amaia Zipitria.

Musika errepertorioa gabon-kanta ezagunez osatuta zegoen, baina ‘Hariak Kantuz’ proiekturako sortutako ‘Bizikidetza Hariak’ ereserkia entzuteko ere aukera egon zen. Abesteaz gain, dantzarako unea egon zen Iker Murillo Studio24-ko dantzariek eskainitako dantzaldi ikusgarrian. Horrekin batera, testigantzak jaso zituen bideo bat proiektatu zen, musikak eta abesbatzek zahartzaroan jokatzen duten eginkizun aberasgarria balioa jarriz.

Gabonetako kontzertua amaitzeko, hiru abesbatzek publikoarekin batera ahots batez ‘Hator hator’ kanta abestu zuten, txalo zaparrada handia piztuz. Aizpea Goenagaren agur eta esker-hitzak publikoari zuzendu ziren bereziki, Hariak estrategiak duen bakardadeen aurreko dekalogoa irakurri eta ekimenera atxikitzera animatu daitezen.

Ekitaldi benetan ikusgarria eta hunkigarria izan zen ‘Hariak Kantuz’ ekimenaren aurkezpena. Sentsibilizazio programa hau abian da jada eta 2023. urtean zehar gauzatuko da Gipuzkoako 10 eskualdeetan garatuko den lurralde historikoko beste hainbat abesbatzen kontzertuen zikloarekin. Datak eta herrialdeak zehazteke badaude ere, sentsibilizazio-tailerrak egingo dira abesbatzetan, eta, ondoren, hilero kontzertu bat eskainiko da. Horrela, sentsibilizazio-tailerren eta koru-kontzertuen hamar sekuentzia egingo dira guztira, hainbat biztanleria-taldetan nahi ez den bakardadeari buruzko elkarrizketa publikoa sustatzeko eta koru-taldeen irudi publikoa eta izaera indartzeko gizarte-kohesiorako espazio gisa,

Euskal Herriko Koruen Konfederazioko lehendakari eta Gipuzkoako Abesbatzen Federazioaren batzarreko kide den Eva Ugaldek dioenez «ekimen aberasgarria izango da. Ziur nago oso bide polita dugula aurretik eta espero dugu denboran luzatu eta mantentzea». Horretarako, gizartea «koruetan, musikaz aparte dagoen arlo ‘extramusikala’ ezagutzera» deitu du, eta horrela azaldu du bere ideia: «Musikaren inguruan gauza asko daude, bai psikologikoki eta bai fisikoki. Oso arlo zabala da eta bere baitan adiskidetasun eta laguntza harremanak susatzen eta sortzen dira, baita belaunaldi ezberdinen arteko erlazioak ere».