10 eskualde igaro ondoren, Hariak Estrategiak 500 atxikimendu baino gehiago lortu ditu Gipuzkoa osoan

Maiatzaren 24an Hariak Estrategiak hasi zuen herritarrei aurkezteko bidaia Legazpin. Arrasatek, Tolosak, Irunek, Zarautzek, Beasainek, Pasaiak, Urnietak eta Eibarrek jarraitu zioten, Donostiara uztailaren 6an iritsi arte. Geldialdi guztietan, helburua herritarren parte-hartzea eta atxikimendua lortzea izan zen beti, Gipuzkoak bizi duen nahi ez diren bakardadeen arazo larriaz kontzientziatzen tailer eta hitzaldien bidez.
Hariak estrategiaren dekalogoarekin bat egiteak bertatik eratortzen diren balioak eta ikuspegi humanista eta enpatikoa partekatzea dakar. Bestalde, konpromiso bat ere eskatzen du: bakardade-egoerei aurrea hartzen eta pertsonen arteko loturak eta harremanak indartzen lagunduko duten jokabideak gure egunerokotasunean hartzekoa.
Horregatik, 10 eskualdeetako bakoitzean egin ziren jardunaldietan, lan handia egin zen ahalik eta atxikimendu gehien erakartzeko. Guztira, 1.300 pertsona inguruk hartu zuten parte tailerretan edo solasaldira joan ziren Estrategiari buruzko informazioa ezagutzeko. 500 pertsona baino gehiagok Hariak dekalogoarekin bat egitea erabaki zuten, Adinberriren lana are gehiago bultzatzeko.
Webguneak ere ematen du estrategiari atxikitzeko hautua, eta datuek erakusten dutenez, askok aukeratu dute online metodo hori bat egiteko. Getxo, Oñati, Basauri, Atxondo, Orio, Deba, Mutriku, Irun… Madrildik ere izan da ekimenarekin bat egitea erabaki duenik.
Herritarrek ahulenekin duten konpromisoa erakutsi dute , baita gehien behar dutenei laguntzeko gogoa ere. Datuen arabera, gizarteak elkartasuna eta enpatia erakutsi ditu guztion arazoa den gizarte-problematika horri aurre egiteko, eta elkarrekin bilatu behar dugu konponbidea.
Atsedenik gabe
Kontzientziazio lanarekin jarraitzeko, Hariak Udazkenean zikloa 2022ko urritik 2023ko urtarrilera garatuko da. 2022ko uda baino lehen egindako Hariak ekimenaren eta 2023ko otsailean egingo den Kongresuaren arteko lotura izango da.
Aurretik egon garen 10 eskualdeetan izango da, 10 data desberdinetan. Jarduera hau Gipuzkoako Abesbatzen Federazioaren lankidetzarekin garatuko da, bere jarduera-planean aurreikusitako ekintzen artean, eta irailean aurkeztuko da prentsaurreko baten bidez, zeinetan datak eta kokalekuak zehaztuko diren.