Europa, nahi ez den bakardadearen arazoarekiko lurralde sentikorra

Administrazio nazionalek eta udal-administrazioek prebentzioari eta konponbideak bilatzeari bideratutako estrategiak jarri dituzte martxan

Bakardadea fenomeno globala da, gero eta handiagoa, eta haren tratamendua etorkizunean herrialde baten garapen-mailaren adierazleetako bat izan daiteke. NBEk 20-30 Agendan ezarri zituen Garapen Jasangarrirako Helburuetako bitan sar liteke arazo hori: bizitza osasuntsua bermatzea eta adin guztietan ongizatea sustatzea (3) eta hiriak eta giza kokalekuak inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta iraunkorrak izatea lortzea (11).

Gabezia hori, hala ere, ez da oztopo bakardadearen prebentzioa eta hari aurre egitea dagoeneko herrialde eta eskualde batzuen politika publikoen parte izan daitezen, bi bide osagarriren bidez: irismeneko programak edo ekimenak praktikan jartzea eta erakunde publiko edo publiko-pribatuak sortzea fenomeno horri modu egituratuagoan eta integralagoan erantzuteko. Erresuma Batua 2018an eta Japonia 2021ean dira bakardade ministra eta ministro bat dituzten herrialde bakarrak, hurrenez hurren. Gainera, Frantziak, Australiak, Estatu Batuek eta Espainiak hainbat batzorde, elkarte eta sare nazional jarri dituzte martxan, nahi ez diren bakardadeei bost eremutatik irtenbidea emateko: sentsibilizazioa, isolamendu sozialaren eta bakardadearen prebentzioa, komunitateak indartzea, ezagutzaren sortzea eta kudeatzea eta ebidentzia.

Gobernuek, gainera, tokiko erakundeak zerbitzuak sustatzera bultzatzen dituzte, hurbiltasun-ikuspegia bermatzeko. Horren adibide ditugu Pauen, bakardadearen aurkako plan bat ezarri zuen Frantziako lehen hiria; Sint-Truidenen, Belgikan, 2019an bakardade-zinegotzi bat izendatzen aitzindaria; edo Medway udalerri ingelesean, zeinak aurrea hartu baitzion estatuko gobernuari 2014 eta 2018 artean gizarte-isolamendua murrizteko estrategia bat onartu zuenean. Gure ingurune hurbilenean, Bartzelonan, Madrilen, Murtzian edo Malagan, bakardadearen aurkako borroka beren gizarte-politiken barruan kokatu dute.

Mugimendu horiek guztiek jarraitu beharreko bidea markatu dezaketen ekimen zehatzak ekarri dituzte. Galesko Gobernua denbora-kredituen programa nazional bat finantzatzen ari da, bakardade-sentsazioa eta isolamendua murrizteko baliagarria dela erakutsi duenak. Proiektu komunitario batzuetan beren borondatez ordubete ematen duten pertsonek zinemara joatea bezalako esperientzia sozial batean eman dezaketen denbora kreditua lortzen dute. Beste ekimen batzuk teknologiak eskaintzen dituen aukera handiak aztertzen ari dira. Herbehereak tresna digital bat du, Bakardadearen Aurkako Seinalea, herritar guztiek, hurbileko merkataritzaren bitartez adibidez, bakardade-egoerak detekta ditzaketelako ideiarekin sortua, horretarako linea zuzenak edo seinaleztapen digitaleko sareak ezarriz. Merkataritza da, hain zuzen ere, topagune eta sozializazio-gune gisa duen garrantziagatik gehien nabarmentzen den eragile komunitarioetako bat. 2021ean, Jumbo enpresa herbeheretarrak ordainketa-prozesuan zehar elkarrizketak izateko gune bereziak jarri zituen bere supermerkatuetako kutxetan.

Konponbideak eman nahi dituzten beste herrialde batzuek hainbat jarduera jarri dituzte martxan, hala nola, laguntzarako eta aholkularitzarako eskuragarri dauden baliabide guztiak zentralizatuko diren sarbide-puntuak ezartzea, etxebizitza partekatuak eta belaunaldien artekoak sustatzea eta topagune lagunkoiak (parkeak edo espazio seguruak, esaterako) eraikiko dituen hirigintza-plangintza ezartzea.