Jose Antonio Santanok, Irungo alkateak, Hariak estrategiari harrera egin zion Oiasso Museoan

Arparen soinu atseginak arratsaldea girotu zuen. Nerea Azkona arpa-joleak doinu gozoak jarri zituen Oiasso Museoan eta jendea bere inguruan biltzera gonbidatu zuen. Beti bezala, arparen musikarekin jendea Oiasso Museoaren barnealdera pasa zen.
Bertan, Jose Antonio Santanok, Irungo alkateak, hartu zuen hitza gerturatu zen jendea agurtzeko eta Irunek eta Hondarribiak Hariak estrategiarekiko hartutako konpromisua azaltzeko: “Gure herriak eta hiriak zahartzen ari dira, zorionez. Adinekoen zenbakia eta kopurua handitzen ari da eta gizartearen zahartzea mende honetako gizarte eraldaketarik garrantzitsuena da. Bakardadeen kasuak badaude eta geroz eta gehiago dira”.
Santanok azaldu zuen nola “pandemiak bakardadeek eragiten dituzten arazoak azaltzen lagundu zuen. Irunen, Alarma egoera hasi zenean, 75 urtetik gora bakarrik bizi diren pertsona guztiak telefonoz deitu genituen. Baita beste adineko batekin bizi direnak ere, eta dei horiek bakarrik bizi diren pertsonek dituzten beharrak eta behar dituzten laguntzak antzematen lagundu ziguten”. Santanok zioen bezala, “dei batek dena aldatu dezake eta horregatik oso garrantzitsua da Nagusilaneko boluntarioek egiten duten lana. Astean behin deitzeak jendeari bizitza aldatzen dio”.
Horregatik, jarraitu zuen Alkateak, “isolamendu sozial arazoak detektatu nahi ditugu eta zahartze aktiboa sustatu nahi dugu. Guzti honek Hariak estrategiaren dekalogoarekin bat egiten du” eta horregatik Irunek eta Hondarribiak -herri honetako zinegotziak ere Oiasso Museoan zeuden- harrera egin zioten estrategiari.
Aurkezpen guztietan bezala, Maite Peñak, Gizarte Politikako diputatuak, hartu zuen hitza bakardadeek gizartean daukaten garrantzia testuinguruan jartzeko eta geroago Ainhoa Becerrak, Adinberriko berrikuntza arduradunak, eta Rakel San Sebastianek, Adinberriko zuzendari nagusiak, antzerki baten bidez, estrategiaren helburuak plazaratu zituzten Aizpea Goenaga aktorearen laguntzarekin.
Jardunaldiari amaiera ematea Eskifaia Abesbatzaren lana izan zen. Gogoz bueltatu dira pandemiaren ondoren eta abesbatzaren zuzendaria den Gorka Aierbek adierazi zuen bezala, zorionez, ez dute kiderik galdu beharrezko geldialdiarengatik: “Denbora luze egon behar izan ginen entseatu gabe, baina eskertu egin behar dugu, ginen berdinak jarraitzen dugulako abesten”. 27 lagun dira eta Oiasso Museoan 21 izan ziren.
Emanaldia ‘All my trials’ abestiarekin hasi zen eta ondoren Alexandre Lesbordesen hiru pieza interpretatu zituzten: Hiru damatxo, ama eta kinkirri-kunkurru. Javi Bustoren ‘A tu lado’ eta Wana Barako abestien ondoren, momenturik irmoena iritsi zen. Arparekin batera, Eskifaia Abesbatzak Hariak estrategiaren ereserkia abestu zuen:
Nahikoa naiz jabetu,
oraindik ez du atertu.
Hari bati, hari bi
ni gabe ez hasi.
Kristal pare begientzat
ez dezadan ezer galdu:
ate itxien atzean
inor sartzearen beldur,
bakardade bakoitzean
mila mundu eta kantu.