Beroak ez du Hariak estrategia gelditzen

Termometroak 40 gradu inguru islatzen zituen arren, jardueretan hartu zuen parte jendeak

Kostaldera hurbildu ondoren, barnealdeara jo zuen berriz Hariak Estrategiaren aurkezpenak. Beasainen, Txindokiren azpian, izan zen estrategiaren aurkezpenaren seigarren geldialdia eta beroa izan zen protagonista. 40 gradu islatzen zituen termometroak Oria ibaiaren ertzean eta kaleak hutsik agertzen ziren arratsaldeko 16.30tan, ekitaldiaren jarduerak hastear zeudenean. 

Hala eta guztiz ere, boluntarioek bere lanarekin aurrera jarraitu zuten eta informazio karparen ondotik pasatzen zirenei Hariak Estrategiaren helburuak azaltzen zizkieten eta atxikimendu dexente lortu zituzten. Ez zen lana egiteko egunarik egokiena, baina boluntarioek ez zuten hutsik egin eta hor zeuden Beasainen ere Hariak estrategiaren dekalogoa zabaltzeko. 

Tailerretan, haurrei eta adinekoei artilearekin eskulanak egiten erakusteko prest zeuden Irati, Sara, David, Alicia eta Leire. Hauetako batzuk Legazpitik ari dira telarrak edo ponpoiak egiten irakasten. Beste batzuk, egun pare bat daramatzate tailerretan. Baina denak gustora dabiltza musutruk egiten duten lan hau burutzen eta adinekoei entzuten, bere bakardadeak nolabait leuntzeko. “Haurrak dira gehien animatzen direnak. Bere gurasoekin edo bere aitona-amonekin eseritzen dira gurekin eta gozatzen dute, egia esanda”, dio Sarak. Arte Ederretan lizentziatua da Sara eta bere trebezia zabaldu nahi du tailerretara gerturatzen direnen artean. 

Sara profesionala da, baina tailerretan dauden beste boluntario batzuentzat eskulanak egitea zaletasuna besterik ez da. Davidek, Aliciak edo Leirek ez dute Arte Ederrak ikasi, baina gustora ari dira, batez ere, adinekoekin egiten duten lanarengatik: “Bere gauzak kontatzeko aukera dute honera gerturatzen direnean eta norbaitek entzutea eskertzen dute. Gustora dabil hemen eta pozik daude gure artean”, dio Leirek.

“Jendea animatzen ari da”

Nahia informazio puntuan zegoen eta pozik dago sei jardunaldietan lortutako atxikimenduekin: “Jendea animatzen ari da. Karpa ikusterakoan hurbiltzen dira guregana estrategiari buruz jakin nahian”. Bere ustez, Iruneko jardunaldia izan zen arrakastatsuena.

Nahia boluntarioa da eta informazio puntuan egiten du lan. Irudiak: Luis M. Unciti

Hariak estrategiaren aurkezpenaren sei jardunaldietan egon dira tailerretan David, Alicia eta Leire eta Arrasatekoa edo Irunekoa izan zirela jardunaldirik arrakastatsuenak diote. “Eguraldiaren arabera hurbiltzen da jende gehiago edo gutxiago”. Beasainen eguraldiak ez zuen lagundu, egiten zuen beroarekin zaila baitzen kalean mantentzea. Baina arratsaldea aurrera zihoan bitartean haize bolada goxoak iritsi ziren Usurbe Antzokiaren ingurura eta orduan bai gerturatu zela jendea eskulanak egitera eta informazio karpan Hariak estrategiari buruz jakitera. 

Beti bezala, itzalean ondo gordeta, Ainhoa Rivera hiloramarekin jarraitu zuen. Harietaz osatutako eskulturaren amaiera susmatzen da. Lau jardunaldi besterik ez dira geratzen Hariak estrategiaren aurkezpenaren bidaiaren helmugara iristeko. Donostian izango da.

Irudiak: Luis M. Unciti