Bakardadea ulertzea

Horrelako egoeretan dauden pertsonei laguntzeko, lehenik eta behin horiek detektatzen ikasi behar da

Herritar gehienek ez dakite oraindik bakardadeak antzematen. Askok ez dituzte ezagutzen bakardade-egoera baten benetako ezaugarriak, eta hauek eragin ditzaketen arrazoiak ez dira beti bakardadea agertzeko arduradun zuzenak.

Lehenik eta behin, aipatu beharra dago bakardadea ez dela adineko pertsonen egoera espezifikoa edo esklusiboa, aldiz, bizitzako etapa guztietan sentitu daiteke. Ebidentzia zientifikoak ez du modu eztabaidaezinean ondorioztatzen lotura zuzena dagoenik adinaren eta bakardadearen prebalentziaren artean, baina bakardadearekin lotutako zenbait aldagai sarriago agertzen dira adinekoen artean. Beste era batera esanda, bizitzaren etapa horietan maizago gertatzen dira aldi berean bakardade sentimenduak sor ditzaketen zenbait egoera.

Gizarte harremanik ez izateak ere ez du nahitaez bakardade pertzepzioa sortzen eta, alderantziz, pertsona bat bakarrik sentitu daiteke bakarrik ez egon arren. Bakardadea eta isolamendu soziala fenomeno desberdinak dira eta, beraz, desberdindu egin behar dira. Laburbilduz, bakardadea ez da esperientzia bakarra eta unibertsala, berez, honen alderdi eta dimentsio ugari daude eta bakardade mota asko ere.

Beraz, estrategia honetan, bakardadeez ari garenean, beste pertsona batzuekin konexioa, komunikazioa edo harremanak nabarmen murriztu, mugatu edo ez izateaz aritzen gara. Haratago eginez, ezinezkoa da bakardaderik baden jakitea pertsonaren pertzepzioak, emozioak edo pentsamenduak ezagutu gabe: pertsona bat bakarrik bizi delako, bakarrik paseatzen duelako, bakarrik lan egiten duelako, bakarrik jaten edo bidaiatzen duelako ezin dugu ondorioztatu bakardade egoera batean dagoela. Zentzu horretan, nahasketen eta zenbait aldagairen arteko loturen ondorioz, bakardade objektiboa eta bakardade subjektiboa aipatu ohi dira.

Lehena, bakardade objektiboa, isolamendu sozialarekin lotzen da. Kontzeptu hau bakardadearengandik bereizi behar da, harekin harremana duen arren. Isolamendu sozialak  gizarte harreman ezak edo gizarte harremanak mugatuta edo murriztuta izateak eragindako neurri objektiboa izendatzen du. Gizarte konexio gutxi izatean, pertsonak oso bakarrik sentitzea gerta daiteke, ala ez. Horrez gain, komunitate loturarik ez izateak, beste pertsona batzuekiko harremanik ez izateak bezala, bakardade sentimenduak ere eragin ditzake, izan ere, aitzitik, lotura hori nabaritzeak kidetza, identitate, segurtasun eta abar sentimendu eragin ditzake.

Bakardade subjektiboa bakardade sentimenduekin erlazionatzen den kontzeptua da, isolamendu sozialaren alderdi subjektiboa edo gizarte laguntzaren antitesia balitz bezala. Nazioarteko komunitate zientifikoan oso onartuta dagoen definizio batek bakardadea esperientzia desatsegin eta negatibo baten moduan azaltzen du, pertsonek nahi dituzten eta benetan dituzten harremanen arteko aldearen ebaluazio subjektiboaren emaitza dena, bai kantitateari zein kalitateari dagokionez. Hau da, nahi dugunarekin alderatuta, harreman kopurua txikiagoa da edo harremanek ez dute behar bezala asebetetzen nahi ditugun intimitatea, elkarrekikotasuna edo konfiantza.