Azken txanparako prest!

Urnietak hartu du Hariak Estrategiaren aukezpen-biraren zortzigarren geldialdia, zeru oskarbi eta giro jendetsuan

Belaunaldien arteko elkartasun irudi ederrak utzi zituen Urnietako ekitaldiak. Irudiak: Luis M. Unciti

Bukatzear dago Hariak Estrategiaren auzkezpen-bidaia. Gipuzkoako hainbat herri eta eskualde bisitatu eta gero, Buruntzaldeara iritsi zen Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Adinberrik martxan jarritako ekimena. Hain zuzen ere, Urnieta izan zen zortzigarren jardunaldiaren kokalekua eta eguraldiaren laguntzaz, giro paregabea bizi zen bertako Herriko Plazan.

Ohikoa den egitaraua betearaziz, arratsaldean goiz hasi ziren jarduerak boluntarioen eskutik. Gaztetxo eta adineko jende ugari bildu zen Urnietako Herriko Plazan antolatutako tailerretan parte hartzeko. Hariz egindako eskulanak lantzen zituzten bitartean, partaideek bakardadeei buruzko solasaldi interesgarriak sortu zituzten.

Mahai batean, harizko ponpoiak lantzen, Izaskun, Santi, Constanza eta Gotzon zeuden, Urnietako Odol Emaileen elkarteko boluntarioak eta eskulanzaleak. Lehenengo biak ia 40 daramatzate boluntario lanetan eta begi onez ikusten dute Hariak bezalako ekimenak bultzatzea gizarteak dituen beharrei aurre egiteko: “Oso beharrezkoa da elkartasun-sare sendo bat eraikitzea. Pertsona bakar batek badirudi ezin duela asko egin, baina persona askoren indarrak batuz sekulako gauzak lortu daitezke”.

Beste txoko batean, amets-harrapatzaileak sortzen, Mikel aita bere bi alabekin eta Lupe elkartu ziren bakardadeei buruzko elkarrizketa interesgarri batean. “Harremanak sustatzeko ekintzak beharrezkoak” direla defendatuz, horrelako jarduerek “jarraipen bat izan behar dutela” komentatu zuten, mota honetako tailerrei iraukortasuna ematea eskatuz: “Onuragarria da guztiontzat, batez ere adineko jendearentzat,  baina gaztetxoak kontzientziatzeko ere balio du”.

Hariak Estrategiak zertan datzan sakontzeko eta bere testuingurua eta xehetasun guztiak ulertzeko, aukezpen-ekitaldia da aukerarik hoberena. Urnietakoa Sarobe Antzokian ospatu zen eta urnietarrak Herriko Plazatik aretora lekualdatzeko musikaren laguntza egon zen beste behin ere. Zehazki, Ane Artetxe harpa-jolearen laguntza. Txandaka ibili da beste harpalari batekin Hariak Estrategiaren aurkezpen-bidaiari musika jartzen eta jardunaldi bakoitzean bere inguruan liluraturiko entzule ugari batzen.

Orain dela hilabete bat Legazpin hasi zen bidaia, azken txanparako prestatzen ari da. Antolatutako hamar topaketetik, jada zortzi burutu dira eta Eibar prest dago datorren ostegunean ibilaldiaren azken-aurreko geldialdia hartzeko. Hariak Estrategiaren auzkezpen-bidaiaren amaiera Donostian, lurraldeko hiriburuan, ospatuko da datorren asteazkenean, uztailak 6.