“Askotan estigmatizatzen dira helduen elkarteak”

Carmen Tolosako Iturriza Elkarteko kidea da eta Hariak estrategiara atxikitu da

Legazpitik eta Arrasatetik pasa ondoren, Tolosan egin zuen geldialdia Hariak estrategiaren aurkezpenak. Euskal Herria plazan kokatu zituzten oraingoan estrategiaren irudia diren bankuak eta eguraldiaren laguntzarekin jendea pixkanaka hurbildu zen tailerretara.

Informazio puntutik ere pasa zen jendea estrategiari atxikitzeko. Atxikimendua sinatu zutenen artean Carmen zegoen. Tolosarra eta Iturriza Helduen Elkarteko kidea, emakume honek bat egin zuen Hariak Estrategiaren dekalogoarekin eta urte asko bakarrik daramatzala azaldu zuen: “Ez da erraza. Bolada batzuetan gogorra egiten da. Pertsona irekia naiz ni, baina batzuetan zaila egiten da bakarrik egotea”.

Berak ere bere estrategiak dauzka bakardadeari aurre egiteko: “Antzerki taldean apuntatuta nago, ioga egiten dut eta Mugi ekimenean ere parte hartzen dut. Paseoak emateko pentsatuta dago”. Jarduera guzti hauekin, bere burua okupatzen saiatzen da Carmen eta Iturriza Elkartetik jendeak helduen elkarteekiko duen pentsakera aldatzen saiatzen da.

“Askotan estigmatizatzen dira helduen elkarteak”, onartzen du Carmenek. “Askotan pentsatzen da 90 urtetik gora dauzketenentzako direla, baina urte asko daude erretiratu ostean eta ekitaldiak antolatzea funtsezkoa da”.

Jardueren eta auzolanaren bitartez bakardadeei aurre egitea da baita ere Hariak estrategiaren helburu nagusietako bat eta bere dekalogoa Tolosan plazaratu nahi izan zuten atzo.

Esan bezela, arratsaldeak aurrera jotzen zuen bitartean jende geihago hasi zen hurbiltzen taillerretara eta haurrek eta helduek elkarrekin ikasi zuten eskulanak egiten. Gogoratu behar da, Hariak estrategia adinekoei bideratuta dagoela, baina ez modu esklusiboan edo baztertzailean. Gipuzkoako gizarte osoari zuzenduta dago eta belaunaldien arteko elkartasuna sustatu nahi du. Horren adibide argia izan zen Tolosako tailerretan ikusi ahal izan genuen irudia.

Ekimen honen bitartez, Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Adinberritik behar duten garrantzia eman nahi diete bakardadeei. Gure artean, 55 urtetik gorako hiru pertsonetatik bat bakarrik bizi da eta adinekoen artean arazoa larritzen da. Guztien ardura da bakarrik sentitzen diren pertsona horiek babestea.