Arrasatek jasotzen du Hariak estrategiaren lekukoa

Harrera ona egin zioten arrasatearrek bertan antolatutako jarduera guztiei

Taillerretan eskulanak landu zituzten bertara hurbildu zirenek.

Legazpin jarri zen martxan Hariak estrategia joan zen astean eta Arrasatek hartu zuen oraingoan lekukoa. Debabarrenako herria izan zen estrategiaren bigarren geldialdia eta arrasatearrek harrera ona egin zioten ekimenari, tailerretan parte hartuz eta antolatzaileek presatutako jardueretaz gozatzen. Hariak estrategiaren bitartez, Gipuzkoako Foru Aldunditik eta Adinberritik adinekoek sentitzen duten bakardadeari aurre egin nahi zaio eta helburu honekin Gipuzkoako hamar herri izango dira ekimenaren eszenatokiak hurrengo asteetan zehar.

Bigarren geldialdian Arrasateren txanda zen eta tailerrak izan ziren protagonistak arratsaldeko lehen orduetan. Euri zaparrada bota ondoren, eguzkia atera zen eta pertsona dezente hurbildu ziren eskulanak egitera Otalora Lizentziatua kalean jarritako karpetara. Bertan ziren Juan Tomás, Lorenzo eta Luis Mari. Lagunkoiak Asoziazioaren kideak dira eta Aretxabaletatik hurbildu ziren Arrasatera. “Giza erlazioak sustatzen ditugu gure asoziazioan eta Hariak estrategiaren berri izaterakoan Arrasatera hurbiltzea erabaki genuen. Gustura hartzen dugu parte jarduera hauetan eta belaunaldien arteko erlazioak sustatzen ditugu”, azaltzen zuen Juan Tomasek. Lau pertsona hauek tailerretan parte hartu zuten eta ehundegia egiten ibili ziren boluntarioen laguntzarekin.

Batzuk trebezia lantzen zuten bitartean Ainhoa Riverak Aurrera jarraitzen zuen bere lanarekin. Hilorama betetzeaz arduratzen da eta astero eskulturaren zati bat betetzen du. Ondoan, Hariak estrategiaren irudia duten bankuetan eseri dira haurrak eta adinekoak, belaunaldien arteko erlazioak sendotuz eta irudi polita eskainiaz Arrasateko kaleetan.

Boluntarioak ere bertan zeuden, oinezkoei informazioa ematen, Hariak estrategiarako kideen bila. Gogoratu behar da Hariak ekimenaren bitartez, herritarrei bakardadearen aurkako konpromisua eta atxikimendua eskatzen zaiela. Gipuzkoako gizarte osoari zuzenduta dago Hariak, belaunaldien arteko erlazioa funtsezkoa baita. Gizartearen zahartze prozesu honetan lehen mailako erronka bihurtu da bakardadeari aurre egitea eta erronka sozial kolektiboa da. Kanpoko ekitaldiak arpistaren iritsierarekin borobildu ziren. Musikaren bitartez elkarrizketara gonbidatu zituen bertan bildu ziren guztiak.