Amaitutako ekitaldia
Igandea, 2025(e)ko Apirilak 27
Portalea kultur etxea – Areto nagusia (Eibar)
Bakardadeak gero eta garrantzi handiagoa hartu du azken urteotan, eta gizarte gisa dugun erronka nagusietako bat bihurtu da. Horretaz jabetuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta ADINBERRIk 7 urte daramatzate ibilbide-orri partekatu eta parte-hartzaile bat eraikitzen, bakardadeen aurreko estrategia bat: HARIAK.
Gipuzkoako Foru Aldundiak 2024-2027 Plan Estrategikoa bultzatzen du Trakzio Proiektuen bidez. Tresna horien helburua da foru-zerbitzuen eta -sailen arteko lankidetza nahiz kanpoko eragileekiko (erakundeak, hirugarren sektoreko entitateak, enpresak eta unibertsitateak) lankidetza egituratzea, zerbitzu publikoen eremu zehatzetan epe luzerako eraldaketa sortzeko asmoz. Trakzio Proiektu bakoitza erakunde-izaerako entitate lider baten inguruan antolatzen da, eta hiru Lan Paketetan garatzen da: kudeaketa eta gobernantza, berrikuntza eta esku-hartzea, eta monitorizazioa, ebaluazioa eta ezagutzaren transferentzia.
HARIAK, Bakardadeen aurreko Gipuzkoako Estrategia, ADINBERRIk bultzatzen du (Zaintza eta Politika Sozialetako Sailaren Agenda, Berrikuntza eta Ebaluazioko Zuzendaritzari atxikitza).
2020ko urtarrilean eman ziren estrategiaren lehen urratsak, diziplina arteko talde eragile bat sortuz. Talde horrek “Bakardadeak” (2019) ikerketa-proiektuaren eta antzeko beste azterketa batzuen emaitzekin bat zetorren oinarri-dokumentu bat idatzi zuen. Hala, bakardadeei buruzko lurralde-diagnostiko batean eta ebidentzian oinarrituta, Estrategiaren oinarriak eraikitzen hasi ziren.
2021ean esparru estrategikoa eraiki genuen eskualde bakoitzeko udal- eta gizarte-eragileekin. 77 udalek, Osakidetzako 6 ESIk, tokiko 98 eragilek eta 20 enpresa eta berrikuntza-zentrok hartu zuten parte prozesu horretan. Zuen laguntzari esker, jarduera-esparru estrategiko komun bat eraiki dugu, Hariak, Gipuzkoako bakardadeen aurreko estrategia. Estrategia horrek bakardadeen fenomenoari heltzen jarraitzeko balioko digu, belaunaldien arteko eta elkarlaneko ikuspegitik, lotura sozialak eta komunitarioak indartuz.
Ondoren, 2022an, lurraldean zehar antolatutako hainbat ekitaldiren bidez egindako lana itzuli genuen, herritarrei zuzendutako elkarrizketa publiko zabal bat sustatuz, 1549 pertsonaren parte hartzearekin, eta Estrategiaren I. Jarduera Planari hasiera emanez (2022-2026). 2023an beste pauso bat eman genuen Jarduera Planari lotutako proiektuak elkarrekin bultzatzen eta garatzen jarraitzeko, eta parte hartze prozesu berri bat garatu genuen. Prozesu horretan, Gipuzkoako 57 udalek/garapen agentziek, tokiko 77 gizarte erakundek eta Osakidetzak parte hartu zuten, 4 ESIren bidez; guztira, 274 pertsonak.
2024an, KORALE proiektu europarraren lehen urratsak eman genituen, Gipuzkoako Foru Aldundiak gidatuta, Adinberriren bidez, eta Interreg Europe programaren barruan. Helburua da nahi ez diren bakardadeak, bai gazteengan bai adinekoengan, Europa osoko politika publikoen erdigunean egotea. Adinberrirekin batera, beste bost herrialdek parte hartzen dute proiektu honetan: Austria, Danimarka, Irlanda, Belgika eta Portugal. Ondoren, 2025 eta 2026 urteetan, Adinberrik lurraldeko bakardadeak prebenitzeari eta lantzeari lotutako proiektuak bultzatzen jarraitu du, Hariak estrategiaren I. Jarduketa Planaren esparruan, eta proiektu horiei bere Hub-aren bidez laguntzen die.